Aldaketaren gobernuak bere BPGtik Errumaniak bezain gutxi inbertitzen du hezkuntzan, eta PP-UPNek ezarritako murrizketa basatiak mantentzen ditu.

STEILAS eta ELA sindikatuok azken bi hilabeteetan hainbat ekimen burutu ditugu hezkuntza publikoak behar duen inbertsioa aldarrikatzeko. Era berean salatu nahi dugu, diru publikoa hezkuntzaren beharretara bideratu beharrean, beste proiektu batzuetara bideratzea erabaki duela Nafarroako Gobernuak: finantza erakundeek utzitako zorra ordaintzea, zor ez-zilegia, itzalpeko bide sariak, makroproiektuak…

Ezin dugu onartu UPNk hezkuntza publikoan ezarritako murrizketak (ratioak handitu, irakastorduak igo, ordezkapenak atzeratu…) betikotzea eta horregatik aldaketaren gobernuari bere akordio programatikoan murrizketak lehengoratzeko hartutako konpromisoa bete dezan eskatzen diogu.

Itunaren negoziazio prozesuan agerian gelditu da dagoen diru urria dela abiapuntua eta muga zeharkaezina. Ez da inola ere hezkuntzaren beharretan oinarritzen. Gaur egun, BPGaren %3,2 besterik ez du bideratzen hezkuntzara Europako azken postuetan gaudelarik. Europako batazbestekoa %4,9 eta UNESCOk gomendatutako gutxienekoa %6 dira. 2010tik 2017ra BPGaren %3,6tik %3,2ra jaitsi da hezkuntzan inbertsioa. 2010ean baino 32 milioi gutxiago inbertituta da aurten. Egoera hau irauli egin behar da ezinbestean. Egoeraren azterketak esango digu zenbat diru behar den kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko. Benetako beharrei lotutako inbertsioa exijitzen dugu lehenbailehen.

Izan ere, bi sindikatuok jakin badakigu, gobernuak horretarako tresnak badituela: diru gehiago bilduko duen fiskalitate justuago eta sozialagoa ezarri, zor ez-zilegia ez ordaindu, autogobernua erabili Madrilek ezarritako gastu mugari men ez egiteko, administrazio publikoek BPGrekiko pisu galerarik ez izatea, aurrekontuetan benetako lehentasuna duen hezkuntzari erantzutea… Honek guztiak, Nafarroako errealitatean oinarritutako kalitatezko hezkuntza publikoa eraikitzeko aukera emango digu.

Aurrekontuen eztabaida amaitzear egonik, abenduaren 21ean 11:30etan Parlamentu aurrean elkartu ginen “Solana hautsi eltzeitsua hezkuntza publikoaren alde” lelopean.

Iruñean, 2017ko abenduaren 21ean