Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan hainbat eragile daude bilduta: euskal gehiengo sindikala, mugimendu sozial esanguratsuenak eta ekonomia soziala eta elkartasuna ardatz dituzten erakundeak (REAS eta Olatukoop, kasu). Bada, datozen hilabeteetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak kanpaina bati ekingo dio Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, Legegintzako Herri Ekimenen (LHE) bitartez. Hain zuzen ere, pobrezia eta bazterketa sozialarekin amaitu eta babes sozialerako kalitatezko sistema publiko bat aldarrikatzea izango da LHE hauen helburua.

Zer da LHE bat?

Jendarte zibiletik bultzatutako lege proposamenak dira. Erakundeek eskaintzen dituzten tresnak dira, partaidetza soziala sustatzeko xedearekin. 10.000 sinadura behar dira, Eusko Legebiltzarrean LHE bat eztabaidatua izan dadin. Nafarroan, berriz, hautes errolda autonomikoaren %1 behar da (5.000 sinadura inguru). Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak kopuru hauek soberan gainditzea espero du.

Legebiltzarren mahaien izapidea beteta, sinadurak biltzen eta ekimenaren azalpenak ematen hasiko ginateke; apirila eta ekaina bitartean, gure aurreikuspenen arabera.

Tresna honek mugak ditu, baina, hala ere, uste dugu erabilgarria izan daitekeela eztabaida politikoaren erdigunean diru sarrerak bermatzeko sistema hobetzeko neurri zehatzak eta etxebizitzarako eskubidea kokatzeko.

Zer diogu LHE hauetan?

Bermatutako gutxieneko diru sarreren politiken errealitatea hobetu eta etxebizitza duin baterako eskubidea bermatu nahi dugu, ekimen honetan jasotako neurri zehatzen bitartez.

Bermatutako diru sarrerei dagokienez (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bermatutako Errenta, Nafarroako kasuan), Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata erreferentzia gisa hartzea planteatzen dugu berriro. Honela, bakarrik bizi diren pertsonei Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren pareko %100 bermatuko litzaieke diru sarrera moduan. Gainera, eskalaren hobekuntza nabarmen bat planteatzen dugu, bi pertsonek osatutako elkarbizitza unitateek Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren %150 bermatuta izateko, eta diru sarrera horiek %200 izan daitezen hiru edo pertsona gehiagok osatutako elkarbizitza unitateentzat. Modu honetan, azken urteetan izandako murrizketei egin nahi diegu aurre, Euskal Autonomia Erkidegoan emandakoak bereziki. Hala ere, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren desindexazioak ere izan du eragina Nafarroan, murrizketa orokorrak eraginez.

Etxebizitza arloari dagokionez, LHE hauen bitartez, asmoa da herritarrei erakundeen bitartez alokairu sozial bat jasotzeko eskubidea dutela modu eraginkorrean aitortzea, eta eskubide hori ezin dela inoiz eta inongo kasutan laguntza ekonomiko baten bitartez ordezkatua izan.

Pobrezia errealitate bat da, gero eta nabarmenagoa, eta gero eta kolektibo gehiagori eragiten diena. Egoera horren arrazoietako bi etxebizitza duin bat izateko ezintasuna eta gutxieneko diru sarreren falta dira. Euskal Herriko erakundeek eskumenak badituzte herritarrak babesteko politikak gauzatzeko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eskaera bat egiten die gorbernu buruei: gehiengoaren bizitza kalitatea hobetzeko zerbitzura jar dizatela erakundeak. Borondate politikoa besterik ez da behar horretarako.