Lan Legepeko Irakasle eta Hezitzaileen negoziazio mahaia:
Ez da posiblea izan akordio batera iristea
Gaur burutu da Hezkuntza Saileko Lan Legepeko Irakasle eta Hezitzaileen negoziazio
mahaia. Ikasturte honetan, administrazioak deitzen gaituen zazpigarren mahai izan
dugu berau; aipatu beharra dago, lehenengo lau bileretan administrazioak egindako
proposamena gure aldarrikapenetatik oso urrun zegoela eta martxoaren 1ean,
Uriarteren departamentuak puntu batzuk gehiago txertatu zituela.
Hasiera batean, proposamenean puntu gehiago jasotzea STEILASek positiboki
baloratu zuen; izan ere, mahai gainean zegoenak lanean hasteko abiapuntura
hurbiltzen gintuela ulertu genuen. Hala ere, STEILASentzat sektore honetako
langileon oinarrizko lan-baldintzak diren beste puntu batzuk jasota agertzea
garrantzitsua zen. Ordezkoek egindako lanagatik sortzen duten eta disfrutatzen ez
dituzten oporraldiaren egunak zerrendetan konputatzea eta lanaldiaren arreta
zuzenaren murrizketa adinagatik, besteak beste.
LABek, ordea, ontzat eman zuen administrazioak eskainitakoa, ez zituen
zehaztapenak faltan botatzen, ezta proposamen berriak ere, eta inolako abisurik
gabe, greba eta mobilizazioak deskonbokatu zituen, ordura arteko elkarlana erabat
hautsiz. Hasieratik sinatzeko prest agertu bazen ere, hori gauzatzeko momentuetan,
ausardia faltagatik ez du egin, nahiz eta CCOOekin batera %51ra iritsi.
Horrek guztiak, negoziazioekin aurrera jarraitzeko eragin negatiboa izan badu ere,
STEILAS azkeneko momentura arte saiatu da proposamenean zehaztapenak sartzen
eta langile guztien onurarako puntuak jasotzen. Gaurko bileran ere, gure ahaleginak
norabide berean joan dira; administrazioaren jarrera, aldiz, guztiz itxia izan da eta
gure ekarpenak entzuteko prestutasunik ez du agertu. STEILASek akordio
bateratuak atsegin ditu, elkarlanerako hautu egokienak direlako. Egoerak
inposatutako adosteak, aldiz, negoziazioetan aurrera jarraitzeko abiapuntu egokia ez
da. Horregatik guztiagatik, eta orain arteko jarrerari eutsiz, STEILAS negoziatzeko
prest agertzen da.