Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak deitutako protesta izango da, eta 18:00etan abiatuko da.

Hauxe da atzo egindako agerraldian irakurritako adierazpena:

Eskola Publikoaren Aldeko Plataforman bi urte daramagu irakasleen, familien eta ikasleen artean eraiki dugun eskola publikoa defendatzen, aniztasunaren, inklusioaren, kalitatearen, laikotasunaren eta euskalduntzearen esparrua, maila sozio ekonomikoaren, sexuaren, jatorriaren edo sinesmenen gainetik, baldintza berdinetan denona eta denontzat den eskola, euskal hezkuntza sistemaren ardatza izan behar duena.

Horregatik sumindu egiten gaitu orain arte izan diren euskal gobernuek eskola publikoarekiko azaldu duten etengabeko utzikeriak. Hezkuntza-ereduen arteko ezberdintasunak eta lehiakortasuna eragiten dituzten politika neoliberalak ezarri eta, heziketarako eskubidea ikastetxea aukeratzeko eskubidearekin nahastuz, jatorrian, hizkuntzan, klase sozialean edo sinesmenetan oinarritutako familien sailkapen onartezina sortu dute. Hartara, eskola publikoak berez duen babeserako bokazioaren ondorioz eman den aniztasuna, segregazio bihurtu da hainbat eta hainbat tokitan.

Aurrekoari hezkuntza-sistema publiko-kontzertatu dual bat gehitu behar zaio, disfuntzionala jaio zenetik (orain dela 30 urte), eskola publikoa zaindu ez eta bigarren mailara baztertu duena, berari zuzendutako baliabideak murrizten joan dena, bere instalazio eta azpiegiturak hondatzen utzi duena, eta gainera, hezkuntza-itunen orokortzea abiarazi duena, ikastetxe pribatu guztiekin. Hauei, diru publikoarekin finantzatuta egon arren, familia askorentzat gaindiezinak diren oztopoak jartzea baimendu zaie, hala nola, kuoten ezarpena (ilegalak izan arren), laikoa beharko lukeen izaera katolikoko irakaskuntza, edo kooperatibisten tasak, besteak beste.

Gaur egun gure hezkuntza sistemak desberdintasunak errepikatu eta areagotu egiten ditu: EAEn, baliabide urriko familien edo etorkinen %75a eskola publikoan dago. Gasteizen, kasurako, portzentaje hau %92ra iristen da haur eta lehen hezkuntzan.

Plataforma honek bi urte luze daramatza gure eskola publikoan gertatzen ari den etengabeko segregazio eta prekarizazio hau salatzen. Urte hauetan zehar, gai honetan erabaki-ahalmena duten eragile politiko guztiei interpelatu diegu, Lakuako Gobernuari bereziki, eta erantzunak, gaur hemen gurekin dauden elkarteenak salbu, azalekoak, zehaztugabeak edo hutsalak izan dira. Bereziki larria ikusten dugu Lakuako Gobernuaren jarrera, ez baitu onartu nahi euskal hekuntza-sisteman segregaziorik dagoenik ere, eta ondotxo dakigu izena ez duenak izana ere ez duela. Bitartean, eskumenak dituzten agintariek arazoari aurre egin gabe jarraitzen dute, eskola-segregazioa handitzen doa eta eskubideen urraketa eta gizarte haustura ere bai.

Horregatik uste dugu, jendartea garen aldetik, mobilizatzeko garaia iritsi dela, denona eta denontzako eskola publikoaren alde eta eskola-segregazioaren kontra, eta horretarako, mobilizazio erraldoi batera dei egiten dugu datorren maiatzaren 25ean, Gasteizen.
Zer eskatzen dugu, zehazki, mobilizazio honekin? Bi urte luze eskatzen daramaguna: eskola-segregazioarekin bukatzeko berehalako neurriak, bai ikasleen jatorriarengatik edo maila sozio-ekonomikoarengatik sortzen dena, nola hezkuntza-behar bereziengatikoa. Besteak beste:

1.- Eskoletan izena emateko udal bulego bakarrak sortu.
2.- Diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztien benetako doakotasuna, legeak agintzen duen bezala.
3.- Heziketa laikoa jasotzeko eskubidearen bermea hezkuntza-sare guztietan
4.- Segregazio egoeretan dauden ikastetxeentzat egitasmo bereziak abiarazi, epe laburrean egoerari buelta eman ahal izateko.
5.- Azpiegitura eta giza baliabide nahikoak eskola publikorako.
6.- Hezkuntza-itunen orokortzearen politikaren amaiera. Beharrezkotzat jotzen dugu hezkuntza-itunak ikastetxeek inguruan duten egoera sozialari ematen dioten erantzunarekin lotzea. Beraz, ezin da inolaz ere, diru publikoarekin finantzatu hezkuntza-egitasmo elitista eta segregatzaileak.

Mobilizazio honen nondik norakoa: Mobilizazioa hiru zutabeekin hasiko da Gasteizko hiru tokietatik 18:00etan abiatuko direnak: Abastos Plaza, San Anton Plaza eta Prado Parkea. Zutabe hauek musika, trikitilariak, hankapaloak eta abar dutela, bat egingo dute 18:30etan Andra Mari Zuriaren Plazan. Bertan, nahi eta merezi dugun eskola publikoaren eraikuntza sinbolikoa egingo dugu, Gasteizko eskola publikoetako Guraso Elkarteei eta hainbat kolektiboei banatutako kartoi kaxekin. Kaxa hauetako bakoitzean idatzita, dagoeneko eraikitzen ari garen eskola publikoaren ezaugarriak agertuko dira eskoletako hainbat ikaslek irakurriko dituztelarik.

Nork erantzun dio gure deialdiari? Plataforma honek hasiera-hasieratik azpimarratu du segregazioa gure eskoletako errealitatetik haratago doan arazoa dela eta zuzenean eragiten diola eraikitzen ari garen gizartearen eta elkarbizitzaren ereduari; horregatik deialdi zabala egin nahi izan dugu, Gasteizko errealitate anitza islatuko duen deialdia. Jaso dugun erantzuna oso handia izan da eta horregatik eskertu nahi genuke orain hemen gurekin izateagatik eta mobilizazioari baiezkoa emateagatik atxekitzen den dokumentuan agertzen diren kolektibo guztiei.