Hezkuntza laikoa bakarrik da askotariko herritarron askatasun bermea.
Hezkuntza laikoak soilik erantzuten dio herritar guztion kontzientzia askatasun
beharrei, eta jendarte guztiaren aniztasun ideologiko, sozial zein politikoei adierazpide
demokratikorako bide ematen dio.
Bide honetan, pertsona bakoitza aske da erlijio bakoitzak markatzen duenaren arabera
bizitzeko, baina erakunde publiko oro hauengandik at mantendu behar da, guztiona izanen
bada. Honetaz, erlijio guztiek, jendarte zibilean eta kultu lekuetan izan dezakete lekua, inoiz
ez ikastetxeetan.
Gai hau pil-pilean izan dugu egunotan Nafarroan, Parlamentura eraman baita bertako
ikastetxeetan Erlijio irakasgaiaren klase orduak murrizteko lege proposamena, EH Bildu,
Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeen eskutik. Zoritxarrez, beste behin ere
Geroa Baik ez du izan ausardia politikorik eta kontua Madrilen erabaki behar dela argudiatuz
saio bateko murrizketari ezetza eman dio, saio horretan beste arlo batzuk emateari atea itxiz.
Honela, lauko gobernuak bere Akordio Programatikoan jasotzen zuena ez du beteko.
Madrilera eramatearekin, Espainiako Kongresuan honek izan dezakeen bidearekin ezkor gara
oso.
STEILASen urteak dira laikotasuna bermatzearen alde kanpainak egin ditugula, eta
saio murrizketa oro ontzat hartuko genukeen arren, borrokan jarraituko dugu erlijioa
ikastetxeetatik at izan arte.
Honen harira hainbat elkarte eta sindikaturen batek egunotan bazterrak nahasi dituzte,
neurria aurrera eramatekotan galduko liratekeen irakasle kopuruari erreparatuz.
Gaia hurbiletik ezagutzen dugunok aspalditik dakigu sasi-irakasle hauen
kontratazioaren irregulartasunak zeintzuk diren: artzapezpikuaren apetazko izendapenak edo
behar direna baino saio gehiagotarako kontratatuak izatea. Noiz arte onartu behar dugu
kuriak nahieran gure seme-alabekin egonen diren irakasleak hautatzen jarraitzea eta guztion
diruz hori babesten jarraitzea?
Bitartean, irakasle arrunt oro zerrenda publikoetan gora-behera ari da lanpostu duin
baten bila, oposizio baztertzaileetan parte hartuz, irakaskuntzarako gaitasun masterrak
ordaindu eta ikasiz. Dena esfortzua batzuentzat, abadeen gonapean loriaz gozatuz besteak.
Gure eskoletan irakasten diren erlijioen doktrina ofiziala eta gure legedian dauden
berdintasunaren aldeko legeak kontrajarriak dira. Lege hauek parlamentu demokratikoek
onartu dituzten bitartean, erlijio katolikoaren derrigorrezko irakaskuntza frankismo garaitik
datorren inposizioa da.
Sinesgai eta erlijiorik gabe heziko duen eskola behar dugu, non horren ordez balore etiko, ez
sexista ezta LGTBIfobikoak, edota eskubideak zein irakaskuntza artistikoak landuko diren.

Amaia Zubieta eta Aitor Laka
STEILAS sindikatuko Idazkaritza Nazionalkideak

Erljioa iritzia steilas