2017-18 ikasturtea aurrekoan hasitako konfrontazio faseari jarraipena emanez hasi genuen. Sindikatuok garbi genuen gure aldarrikapen guztiak beharrezkoak izateaz gain, gauzagarriak ere bazirela.

Administrazioak berandu erabaki zuen arazoari heltzea eta bi ikasturte eman ditu Cristina Uriarteren sailak arazoari heldu beharrean, beste aldera begira. Gobernuak benetan negoziatzea erabaki zuenetik, bi hilabete iragan ziren aurre akordio bat lortu arte. STEILASek sinatutako bi akordioek (heziketa berezia eta irakasleak) hobekuntza nabarmenak ekarri dituzte gure hezkuntza sistemarako.

Baina konfrontazio laboralaren gainetik, hezkuntza publikorako ikaragarrrizko mehatsua zegoen mahai gainean: LOMCEren itzalpean garatu nahi den hezkuntza legea.

Azken urteotako Hezkuntza Sailaren aspaldiko diskurtso bera da, gai eta planteamendu berberak. Azken bi legealdi hauetan Hezkuntza Sail honek eginiko eta iragarritako egitasmoei erabateko babesa ematen dion adierazpena alegia. Hausnarketa kritikorik jasotzen ez duen dokumentua eta are gutxiago auto kritika. Azken urteotako sailburuaren adierazpen publiko guztien laburpena dirudi, ideia berriei inondik inora heldu gabe. Aurrera begirako plan barik, orain arte eginikoa eta egungo egoeraren finkapena baino ez da.

Dokumentua egiteko prozedura kutsatuta egon da hasiera-hasieratik. Behin baino gehiagotan salatu bezala, Hezkuntza Sailak ezarritako hausnarketa prozesuak gabezi eta hutsune larriak adierazi ditu abian jarri zenetik; bai eztabaidan txertatutakoarengatik, baita kanpoan utzitakoarengatik. Edukiei eta gonbidatutako eragileei dagokienez, euskal hezkuntzaren funtsezko erronka nagusiak eta benetako ordezkaritza legala eta legitimoa duten hainbat eragile baztertuak izan dira lehendabiziko unetik. Horregatik bakarrik, bada, dokumentuaren eduki osoa guztiz kutsatuta dago, erabat partziala eta interesatua da eta beraz, ez dauka batere zilegitasun sozialik. Hezkuntza Sailaren erabateko dokumentu teknokratikoa baino ez da, beste asko bezalakoa. Hezkuntza Saila hasiera-hasieratik saiatu da bere planteamenduekin guztiz bat ez datozen guztiak, familiak, sindikatuak, ikasleak… eztabaidatik kanpo uzten; hausnarketarako lan-taldeak eratu ziren, ez dakigu noren ustezko hezkuntza-adituekin maila guztiz pertsonalean, eredu erabat teknokratikoari helduz eta hainbat eragileren egiazko ordezkaritzari iruzur egiten. Ondorioz, testuak Hezkuntza Sailaren beraren iritziak besterik ez ditu jasotzen eta Euskal hezkuntzaren egungo egoeraren erronka nagusiak albo batera uzten ditu; segregazioa, finantzaketa, murrizketak,… Eraginkorrak izan daitezken neurriak aipatu ere ez ditu egiten.

STEILASen argi dugu hori ezin dela inolaz ere ezberdinen arteko balizko itun baterako oinarria izan. Gure hezkuntzaren eta langileen onurarako beharrezkoak izan diren akordioak sinatu baditugu ere, administrazioari jakinarazten diogu bide honetatik jarraituz gero, hau da, neurri errealik gabeko itun propagandistiko honen bidetik, aurrean topatuko gaituztela.