Greba egunaren bezperan bidali du agindua ikastetxeetara Jaurlaritzak. Orain arteko irizpide oro aldatuz, inoiz baino zerbitzu minimo handiagoak ezarri ditu osasuna bermatzeko aitzakipean greba eskubidea urratuz

Ikasturte hasiera honetan erakusten ari den inprobisazio eta hezkuntza komunitate osoarekiko errespetu falta berdinarekin jokatu du Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoen agindua ematerakoan ere.

Beste ekintza berantiar eta inprobisatu batean, hezkuntzako greba egunaren bezperan egin du publiko eta helarazi die ikastetxeei greba egun horretarako zerbitzu minimoen inguruko agindua. Gainera, orain arteko grebetan ezarritako zerbitzu minimoen inguruko irizpideak erabat aldatu ditu eta osasuna bermatzeko aitzakipean inoiz baino zerbitzu minimo altuagoak ezarri ditu.

Egunerokoan langile eta ikasleen osasuna bermatzeko neurri eta baliabideak jartzen ez dituen bitartean, zenbait kolektibotan 100%eko zerbitzu minimoak ezarri ditu (garbiketan esaterako), beste kolektibo batzuetan, protokoloetan ezarritako neurriak betetzea zapuzten duten zerbitzu minimoak ezarriz.

Honek, jadanik greba eguna antolatuta zeukaten ikastetxeetan, anabasa berri haundi eta onartezin bat sortuko du alde batetik, ardura oro berriro ere ikastetxeetako zuzendaritza eta langileen bizkar utziz; bestetik, osasuna bermatzeko aitzakipean egun bakar bateko grebarako zerbitzu minimoak ezartzeak eta gainera inoiz baino zerbitzu minimo handiagoekin, hezkuntza sailaren kudeaketa tamalgarria eta izandako utzikeria ezkutatuz mobilizazioa ikusezin egiteko eta greba desaktibatzeko saiakera bat suposatzen du.

Hau guztiagatik, eta greba eskubidearen urraketa larri baten aurrean gaudela ulertzen dugulako, sindikatuok zerbitzu minimoen agindua epaitegietara eramatea aztertzen ari gara.

Euskal Herrian 2020ko Irailak 14ean