160301 Martxoak 3MARTXOAK 3 IDAZKIA

Gaur berrogei urte hil zituen poliziak Gasteizen Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda. Urte hauetan guztietan sindikatuok eta Martxoaren 3ko Biktimen Elkartea kalera irten gara egun hartan San Frantzisko elizan gertatu zena oraindik ere aitortu ez dela salatzeko. 76ko hilabete haietan ehunka pertsona hil eta zauritu zituztenek hilketan izan zuten erantzukizunari muzin egin izan diote eta egiten diote oraindik ere. Baina gertatutako aitortzea eta memoria kolektiboa eraikitzea ezinbestekoa da.

Martxoaren3an hil zituzten langileez gain, Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Antón Ferrero ere izan behar dira gogoan, hildakoenganako elkartasuna agertzeko manifestaldietan hil baitzituzten Tarragonan eta Basaurin. Zazpi langile horiei eta langileen eskubideak defendatzeko kalera irten ziren eta zauritu egin zituzten ehunka pertsonari esker, gaur, plaza honetan gauden guztiok pertsonak gara eta ez kapitalaren esklaboak.

Lan- eta gizarte-murrizketak salatzea izan da mobilizazio honekin bat egiteko deia zabaldu dugun sindikatuon helburu nagusia, eta gogorarazi nahi dugu murrizketa horiek kapitalaren aberastasun-grina neurrigabearen ondorio direla, —izan kapitalaren ordezkaria patronala, banka edo neurri antisozialak bultzatzen dituen klase politikoa—.

Urte hauetan guztietan borroka anitz egin ditugu kapitalaren eta patronalaren aurka. Egia da, ez ditugu denak irabazi, eta batzuek ezintasunaren zapore mingotsa ere utzi digute.

Baina borroka horietan guztietan ari ginela —greba bakoitzean, enplegu erregulazio espedienteen edo kanporatzeen aurkako mobilizazioetan, enpresen genero-diskriminazioaren aurkakoetan—, beti izan dugu oso argi borrokarik gabe ez dagoela gizarte-aldaketarik, inork ez digula ezer oparituko, inork ez digula bidea berdinduko aurrera egin dezagun. Aldaketa denon ahaleginaz eraikiko da.

Gaur omenaldi-eguna da, baina baita konpromisoak hartzekoa ere. Urte hauetan guztietan ehunka kidek egindako lanarekin jarraitzera animatzen zaituztegu, beti baitago borroka egiteko lubakiren bat: auzoan, lantegian edo bulegoan, institutuan, unibertsitatean, auzokideen elkartean edo emakumeenean. Inork ez digu ezer oparituko. Are gehiago, orain arte lapurtu ezin izan digutena indarrez kentzen ahaleginduko dira, eta horregatik, bidea egiten eta borrokan jarraitzera animatu nahi zaituztegu. Izan dadila gure ahalegina benetako aldaketa politiko eta soziala ahalbidetuko dituen arma.