Unibertsitateak konpromisoa hartu du lanpostuak, irakats zama eta egungo ikastetxeetako adskripzioa mantentzeko

STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuok oinarrizko akordioa sinatu dugu gaur zuzendaritza taldearekin laster abian jarriko den ikastetxeen berrantolaketa prozesuaren ondorioz ez dela egongo inolako lanpostuen eta irakats zamaren murrizketarik, ezta derrigorrezko ikastetxe adskripzio aldaketarik. Tamalez sindikatu guztiak ez dute bat egin oinarrizko berme hauek biltzen dituen akordioarekin. Eurek jakingo dute zergatik ez duten bat egin.

Badakigu akordio honek ezin duela bermatu etorkizun laburrean aurre egin behar izango ditugun arrisku guztiei (unibertsitate plan berria, Madrilgo Errege Dekretuak,…) baina bai ikastetxeen berrantolaketa prozesuak sortzen zituen zalantza eta balizko ondorio kaltegarriei. Are gehiago konpromiso garbia hartu da berrantolaketa prozesuaren ondoren egin beharreko balizko araudi aldaketak dela irakats zama banatzeko araudia edo JAParena esaterako, ez direla egingo alde sozialarekin aurrez aztertu eta negoziatu gabe.

Sinatu dugun akordio hau oinarri sendoa da abian EHU mailan jarriko den prozesuak izan ditzakeen ondorio laboralei modu baikor eta negoziatuan aurre egin ahal izateko. Proposamen akademikoak zein bide izango duen arlo instituzionalean ikusteke dago. Esparru horretan ere lan egingo dugu ateratzen den proposamena egokiena izan dadin langileen lanpostuen etorkizuna bermatu ahal izateko eta goi mailako ikasketen zerbitzu publiko ona eman ahal izateko.

Azkenik esan, ez dugula onartuko inolaz ere prozesu honetatik kanpo eta lehen aipatutako kanpotik eragindako neurrien ondorioz Zuzendaritza Taldeak lanpostu bakar bat ere murrizteko hartutako inongo neurririk.