44.472

Otsailaren 16an, steilas, LAB eta ELA sindikatuok, unibertsitatez azpiko irakaskuntza publikoan Eusko Jaurlaritzak inposatutako murrizketen aurkako kanpaina bat hasi genuen. Murrizketa hauen kalteak ikastetxe publikoetan ordezkapenak betetzen ditugun kolektiboak sufritu ditugu bereziki. Hamaika aldiz salatutako murrizketei, legegintzaldi hontako ordezkoen kudeaketa negargarria batzen badiogu, ordezkoen etorkizun hurbila zalantzagarria aurrikusten dugu, ezin zalantzagarriagoa.

EAE-ko unibertsitate azpiko irakaskuntza publikoan indarrean dagoen lan hitzarmenak, (PSOE-PPren gobernupean gutxiengoan sinatuta), baja egoerak zein egunetik ordezkatuko diren zehazten ditu: ohikoenak aipatzearren, Pedagogia Terapeutikoa lehen egunetik, Haur Hezkuntza 2.egunetik, Lehen Hezkuntza 4.egunetik eta Bigarren Hezkunza 5.egunetik. Hitzartutakoa eskasa izanik ere, jakina da hezkuntza departemenduak ez duela betetzen.

Murrizketa honek, baja egoerak lehen egunetik ez betetzeak, ikaragarrizko triskantza sortzen du irakaskuntza publikoko eremu guztietan: ordezko zain egunak damazkiten ikastetxe eta ikasleengan, baja bete behar duen ordezkoengan, gaixotzen diren langileengan (aplikatzen dizkiguten kenkari aski ezagunak) eta lanean dauden langileengan lan zama gehigarria dakartelako. Finean, Eskola Publikoaren kalitatearen aurkako neurria da.

Eusko jaurlaritzak legegintzaldi honetan “zenbakien atzean pertsonak daude” leloa sustatu du. Azter dezagun 44.472 zenbakia eta atzean dituen pertsonak.

Administrazioak helarazitako informazioaren arabera, betetzen diren ordezkapenen kasuan, 2015-2016 ikasturteko lehen hiruhilekoan guztira 4.568 ordezkapen bete dira.

Lehen hiruhileko datua lagintzat hartuta, eta lan hitzarmena hitzez hitz betez ordezkapen kopurua ikasturte osora zabalduz, 44.472 lanegun bete gabe ateratzen zaizkigu. Zer esan nahi du honek?

44.472 lanegun ordezkooi lanik eman gabe, dagozkien asteburuak eta opor egunekin.

44.472 lanegun, ikastetxeak eta ikasleak ordezkoen zain.

44.472 eguneko lan zama gehigarria ikastetxean dauden langileentzat.

Hezkuntza Saila, langileekiko, eskolekiko, ikasleekiko eta familiekiko arduragabekeriaz eta krudelkeriaz jokatzen ari da.

Atera kontuak, lan hitzarmen honek bost urtez zenbat lan emateari utzi dion eta zer nolako kalteak eragin dizkion Eskola Publikoari bere osotasunean. Bitartean, sailburua, 275 lanpostuko enplegu eskeintza zabalduz dabil lau haizeetara. Eskeintza eskasa gure ustez, eta irakaskuntza publikoko behin behinekotasun arazoari konponbiderik ematen ez diona.

Ikastetxe publikoen kalitatea hobetzeko neurririk egokiena, langileen lan baldintza duinak bermatzea, egonkortasuna ziurtatzea (ez bakarrik EPEaren bidez), ratioak jeistea, formakuntza indartzea eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea da.

Departamentuaren aurreikuspen falta nabarmena alboratuz, intentzio maltzurrek eta joko arauen aldaketek dakartzaten ondorioak ere salatu nahi ditugu:

Batetik, HEZIBERRIK, egun indarrean dauden dekretuek, langileen kudeaketarako eredu gerentziala ezarri nahi dute, non, aukera berdintasunari muzin eginez, zuzendariek irakasleak aukeratzeko ahalmena izango dute. Eredu honek, lehiakortasun basatia sustatuko duenak irakasle guztiengan eta ordezkoengan batipat, zalantza batzuk sortzen dizkigu.

Ikastetxe kontzertatuetan ezartzen den irakasleen aukeraketa eredua proposatzen du departamentuak ikastetxe publikoetarako?

Langileak aukeratzeko orduan lagunkeria edota ideologia antzekotasunak lehenesteko aukera zabalduko da?

Bestetik, departamentuak ordezkoen araudian proposatzen dituen aldaketak (EPEa gainditu baina lanpostua atera ez duten irakasleei puntuak ematearen burutazioa) ordezkoen zerrendak guztiz irauliko ditu.

Ordezkapenak lehen egunetik ez betetzeak, zerrenda irekialdien aurrikuspen falta nabarmenak, eta deialdia egitetik gauzatzeraino pasatzen den denbora luzeak (2-3 hilabete) ondorio ikaragarriak dakartza guztiontzako.

Hau guztiagatik, steilas sindikatuak “pertsona helburu leloazabal dezala 44.472 zenbakiaren atzean dauden ikasle, familia eta Eskola Publikoko langileei eskatzen dio departamenduari. Bost urtez 44.472 lanegunek jende askori eragiten bait die.

Bitartean Uriarte sailburua eta mezalagunak, “irakasle onenaz”, “irakasle konprometituenaz”, “irakasleen ebaluazioaz”,…. dihardute han eta hemen. Etiketa hauek albo batera utzi eta egoera gehiago okertu aurretik, irakasle “onenak” ez badira ere, bidal ditzatela, azkar baino lehen, ordezkoak eskoletara, denon mesederako.

steilas