Komunikatua_STEILAS_LAB_CCOO_ELA
UPV/EHUko Irakasle – Ikertzaileek (IIP), herri administrazioko beste gainontzeko langile guztiak bezala, 2010ean % 5eko soldata murrizketa jasan zuten. Eta ordutik hona beraien ordainsariak izoztuak daude; nahiz eta hauteskundeak izan direla eta, aurten beraien soldata %1 igo den. Era berean, 2012ko abenduko aparteko ordainsaria kendu zieten, eta egun soilik ordainsari horren % 25 berreskuratu dute. Horregatik guztiarengatik, IIPk %30 erosteko ahalmena galdu du 1995etik gaur egun arte.
Bestalde, irakaskuntzaren alorrean, Unibertsitateko irakasle – ikertzaileek soldata txikia dutenez, ordainsari osagarriak jasotzen dituzte (estatu eta erkidego mailakoak), soldata hori hobetzearren. Euskadin, erkidegoko osagarriaren helburua da unibertsitateko irakasleen ordainsaria irakasle ez unibertsitarioek jasotzen dutenari ahal den gehien gerturatzea; azken irakasle horiek betidanik soldata hobeagoak izan baitituzte. Osagarri horiek lortzeko IIPk bere merezimenduak balioztatu behar ditu bost urterik behin, urtero-urtero atera behar liratekeen deialdietan, Eusko Jaurlaritzak onetsi duen araudiaren arabera.
Izan ere, deialdi sistema konplexua da, eta tartean daude UPV/EHU, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia (Unibasq), Eusko Jaurlaritza eta Gizarte Kontseilua (Unibertsitateko jarduera ekonomikoak kontrolatu eta ikuskatzen dituen kanpo erakundeak). Lehenik, Unibertsitateak proposamena egiten du eta, ondoren, Gizarte Kontseiluak onesten du deialdia. Unibasqek, berriz, irizpideak ezartzeaz gain, irakasle – ikertzaileek aurkezten dituzten merezimenduak balioztatzen ditu.
2010ean osagarriak lortzeko azkeneko deialdia egin zen, 2015. urtea arte. Urte horretan, epai judizial bat medio, berriro hasi ziren deialdiak egiten. Are gehiago, auzitegiak behartu zuen UPV/EHU, 2013 eta 2014ko deialdiak ere ateratzea.
Egun, 2015eko deialdia ia amaituta dago, eta UPV/EHUk jada abenduan 2016ko deialdiaren proposamena egin zuen. Bazirudien, beraz, akordioaren ildoa jarraituko genuela, Errektore jaunak pasa den martxoaren 4ean jakinarazi zigunaren bidetik. Halere, gaurko egunean Gizarte Kontseiluak oraindik ez du onetsi 2016ko deialdia. Larriago oraindik, ez dago datarik ezarria deialdi hori onesteko. Izan ere, prozesu guztiak 6 hilabete irauten duenez, ez bada deialdia maiatzean onartzen eta ekainean argitaratzen, ezingo da 2016an zehar ebatzi, beraz izan behar dituen ondorio ekonomikoak 2018. urtea arte atzeratuko lirateke. Horrek guztiak dakar IIPri urtebete atzeratuko zitzaiola bere soldataren zati handia diren osagarriak jasotzea. Ez dugu ahaztu behar gainera, UPV/EHUko irakasle-ikertzaileei eragotzi zaiela merezimenduak aurkeztea balorazioa egiteko, UPV/EHUk indarrean dagoen araudia bete ez duelako eta Eusko Jaurlaritzak aurrekontu diru-hornidurarik ez duelako egin.
Egoera honen aurrean, UPV/EHUko LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuak bat datoz osagarrien deialdien normalizazioa exijitzeko orduan. Batez ere, 2016an onetsi behar dena, lehenbailehen onest dezaten aurreikusitako ondorioak lortzearren (2017. urtean). Era berean, exijitzen diegu inplikatuta dauden erakundeei, Gizarte Kontseiluari bereziki, esandakoa bete dezatela.
Irakasle-ikertzaileen lan-eskubideen defentsan, sinatzen dugun sindikatuok ez dugu onartuko luzamendurik ezta aitzakiarik osagarrien aferan inplikatuta dauden erakundeen aldetik, legez bete beharreko ebazpenak gauzatzerako orduan.
Leave A Comment