Gaur gaurkoz Hezkuntza Sailak ez du bermatzen murrizketa gehiagorik izango ez denik
Sindikatuok ezinbestean lanpostu murrizketarik ez izatea, lan-kargak ez handitzea eta ordezkapenak ez atzeratzea eskatu diogu gobernuari, baina honek asmo on eta murrizketen ondorioak “arintzeko” ahaleginez harago ez digu bermatu murrizketarik izango ez denik
Gaur bilera izan dugu hezkuntzako sindikatuok eta Eusko Jaurlaritzak, Espainiako gobernuak irakastorduak gehitzea eta ordezkapenak atzeratzea agintzen duen Auzitegi Konstituzionalaren epaia gauzatzeko agertu duen asmoa dela eta.
Gogoratu beharrean gaude azken urteetan murrizketa gogorrak inposatu dizkigula Jaurlaritzak. Milaka lanpostu aurreztu ditu geletan ikasle gehiago pilatuz eta ordezkapenak atzeratuz edo ez eginez, erretiroa atzeratu eta oztopatu du, soldatak murriztu eta izoztu dizkigu, bajak zigortu… Honek gogor eraso die lanpostuei, lan-baldintzei eta hezkuntza kalitateari.
Orain irakastorduak gehitzeak eta ordezkapenak atzeratzeak milaka lanpostu desegitea eta lan-kargak biderkatzea eragingo luke, eta kinka larrian jarriko lituzke hezkuntza berdintasuna eta kalitatea.
Hau guztia kontuan harturik, sindikatuok Jaurlaritzari eskatu diogu ezinbestean inolako lanpostu murrizketarik ez izatea, lan-kargak ez handitzea eta ordezkapenak ez atzeratzea.
Gobernuak ordea, asmo on eta murrizketen ondorioak “arintzeko” proposamenez harago, ez digu bermatu murrizketarik izango ez denik.
Sindikatuok inola ez dugu onartuko lanpostuetan, lan-kargetan edota ordezkapenen atzeratzean ondoriorik izango duen murrizketarik, ez Jaurlaritzak errege-dekretua eta Auzitegi Konstituzionalaren murrizketak osotasunean ezartzen dituelako, ezta modu partzialean edo “arinagoan” ezartzen dituelako ere.
Prest gaude honen guztiaren inguruan hitz egiteko eta neurri hauek indargabetzeko moduak bilatzeko, baina Jaurlaritzak murrizketa neurri berri hauek inolako ondoriorik izango ez dutela bermatzen ez duen bitartean, pasa den astelehenean iragarritako mobilizazio eta greba proposamenak bere horretan mantenduko ditugu. Bihar bertan, ikastetxeetan goiz osoan zehar eta 12:45etan lurraldeetako hezkuntza ordezkaritzetan elkarretaratzeak egingo ditugu, eta irailerako, ikasturte hasierarekin batera, greba egunak deituko ditugu.
Gasteizen, 2016ko ekainaren 23an
Leave A Comment