HEZKUNTZA BEREZIA: HEZKUNTZA-SISTEMAREN ZUTABE BAZTERTUA

Prentsan agertu den artikulu batean Cristina Uriarteren Hezkuntza Sailetik iragarri dute Hezkuntza Berezia “blindatu” nahi dutela eta horretarako datorren ikasturtean sektore horren langile finkoen kopurua handituko dutela helarazi digute. Komunikabideek (edo Hezkuntza Saileko arduradunek) irakasleak aipatzen badituzte ere, berri hori Hezkuntza Bereziko hezitzaileei buruzkoa da. Ezdozenteak garen langileoi buruzkoa, hain zuzen. Beraz, Fisioterapeutak, Zeinu Hizkuntzako Interpreteak, Terapeuta Okupazionalak, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak, Transkriptoreak… garen langileok, azkenik, gure Lanpostu Zerrenda (LZ) 122 lanpostu gehiagotan handitzen ikusiko dugu.

Kontuan hartzen badugu azken LZ-ren eguneratzea orain dela hamaika urte egin zela (2006an) eta orain aterako dutena (berdin berdina) duela bi ikasturte adostu zela, iragarpen hau atzeratua heltzen zaigula esan dezakegu. Hezkuntza Sailetik atzerapen honen errua “Madrilgo betoari” botatzen diote, nola ez! Beti azaldu dute autokritikarako gaitasun gutxi. 2011ean hitzarmen berri baterako negoziazioetan LZ handitzea aurreakordio batean jaso zenean, ez zegoen “betorik”. Gero negoziazioak urratu ziren eta ezertan geratu zen, bai. Eta duela bi ikasturte LZ berri hau gauzatu ezin zenean, arazoa zen aurrekontuetan horretarako diru-partida eskatzea ahaztu egin zela. Beraz, zergatik sinetsi behar ditugu orain ematen dituzten arrazoiak?

Berri honen iragarpenean ere Hezkuntza Sailekoek aipatzen dute haientzat “Hezkuntza Berezia Hezkuntza-Sistema zuzen baten zutabeetariko bat dela”. Eta horrela izango da, bai. Baina argi utzi dute Hezkuntza Bereziko zutabea beste zutabeen parekoa ez dela, hezkuntza-sistema eusten duten beste zutabeek daukaten garrantzi bera ez duela. Hezkuntza-sistemaren zutabe baztertuena dela, baizik.

Hori baieztatzeko adibide pare bat soilik. 2013-2015 Euskadiko Hezkuntzari buruzko txostenaren arabera, 14/15 ikasturtean (azken datuak dira) EAEn hezkuntza premia bereziak (h.p.b.-ak) zituzten 10.034 ikasle sare publikoan zeuden eta 6.627 ikasle itundutako ikastetxeetan. Horietatik gela egonkorretan 296 ikasle zeuden ikastetxe publikoetan eta 441 ikasle itundutako ikastetxeetan. Argi dago gela egonkorren finantziazioa itundutako ikastetxeetara bideratu zela. Gipuzkoan ikasturte horretan ikastetxe publikoetako gela egonkorretan 11 ikasle zeuden. Itundutako ikastetxeetan, ordea, 199 ikasle. Horrek ez du zerikusirik izango hezkuntza bereziaren pribatizazioarekin? Guk baietz deritzogu.

Txosten horrek ere jasotzen du 2013-2015 urte horietan ezgaitasun motorikoak azaltzen zituzten ikasleen kopuruak %16ko gehikuntza izan zuela. Hori horrela izanda, fisioterapeuta gehiago beharko zirela pentsatzea logikoa dela ematen du, ezta? Ba, harrigarria da, baina fisioterapeuton kopuruan ez zen aldaketarik eman.

Eta zoritxarrez, sare publikoko Hezkuntza Berezian lan egiten dugun hezitzaileok pairatzen dugun lan-egoera ez da hobea: gure lan-hitzarmena 2003koa da; sektoreko behin-behinekotasuna %58koa; hezkuntza laguntzako espezialistok ez daukagu asteko lanaldi mugaturik eta garraioa, jantokia eta arretarako orduekin 40 ordu baino gehiago egitera heldu gaitezke; fisioterapeuta eta terapeuta okupazionalon soldata maisu-maistrenena baino baxuagoa da, lan egiteko maila bereko titulu akademikoa izatea eskatzen bazaigu ere; ordutegiak gero eta estuagoak ditugu… Oztopoak oztopo eta Hezkuntza Saileko arduradunen arduragabekeriaren aurrean, langileok ahalegin bereziak egin behar ditugu ikasleen beharrei hezkuntza-erantzun egokia emateko. Noiz arte?

Eta orain, Hezkuntza Saileko arduradunei ahoa betetzen zaie Hezkuntza Bereziko Hezitzaileon behin-behinekotasuna %50tik jaitsiko dela iragarriz. Horrela “blindatu” nahi dute Hezkuntza Berezia? Nahikoa ez den neurri bakar horrekin hobetu nahi dute Hezkuntza Bereziaren egoera? Argiago azaldu beharko digute, ulertzeko modurik ez baitago!