Ikasturte berria hasi besterik ez dugu egin eta Haurreskolak Partzuergoaren azken erabaki garrantzitsu baten berri eman behar dizuegu.
2016-2017 ikasturtean ekainean eta uztailean amaitu ziren lan metaketa kontratuei Enpresak 12 eguneko kalte-ordaina ordaindu zien (proportzionalki), Langileen Estatutuan oinarrituz. Orain arte ez dute inoiz kalte-ordain hori ordaindu. Zergatik?
Hainbatetan azaldu genizuen bezala, STEILASek eta langile talde batek salatutako kasu ezberdinen ondorioz Haurreskolak Partzuergoak hainbat sententzia jaso ditu, eta 20 eguneko kalte-ordaina jasotzeko langile horien eskubidea aitortzen dute. Hau da, iazko Europako Auzitegi Gorenaren sententziak dioena bete beharrean, lan metaketa kontratua zuten langileei 12 egun soilik ordaintzea erabaki du (proportzionalki), gainontzeko ordezkapen kontratuak kontuan hartu gabe.
Egoera honen aurrean, STEILASek gogorarazten dizue ordezkapen kontratu bakoitza bukatzen denean lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordaina dagokigula, Europako sententziak agintzen duenaren arabera. Euskal epaitegiek, horretan oinarrituta, horrela aitortzen diete Haurreskolak Partzuergoko langileei ere.
Enpresak, egoerari epaitegiek ezarritako konponbidea eman beharrean, bere irtenbide propioa bilatzen du. Beraz, bai kalte-ordaina jaso duzuenoi eta baita kalte-ordainik jaso ez duzuenoi ere 20 eguneko kalte-ordaina erreklamatzen jarraitu dezakezuela gogorarazten dizuegu, langile guztion eskubidea baita. Urte beteko epea dugu kontratu bakoitza bukatu denetik kasua erreklamatu ahal izateko, ez ahaztu!
Zuen kasua bada edo izan daitekeela uste baduzue, jarri zaitezte gurekin kontaktuan eta zuen zalantza eta galderak erantzuten saiatuko gara.
STEILAS, 2017ko irailaren 5ean.
Leave A Comment