LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok greba eguna deitu dugu azaroaren 23an Heziketa Berezian. Gogoratu, urrian zehar mobilizazio ugari deitu ditugula EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Urrian zehar lurralde ezberdinetako hainbat ikastetxeetan itxialdiak egin ditugu ikasle, guraso eta langileekin batera. Urriaren 28an familia eta herritarrekin batera manifestazio jendetsuak antolatu ditugu Gasteiz, Donostia eta Bilbon. Aurreko bi asteetan, Haurreskolak Partzuergoko Hezitzaile eta Kudeatzaile eta Sukaldari-Garbitzaileek izan zuten borroka astea eta greba eguna. Aste honetan, azaroaren 20tik 24ra, Heziketa Bereziko Hezitzaileon borroka astea burutuko dugu eta datorren osteguna, azaroak 23rako greba deitu dugu.

LAB, ELA eta STEILASen agiria

Sektore honetan lan egiten dugun fisioterapeutok, lan terapeutok, gizarte langileok, transkriptoreak, zeinu hizkuntzako interpreteok eta hezkuntza laguntzako espezialistok agerian utzi nahi dugu administrazioaren aldetik pairatzen dugun utzikeria.

Heziketa Bereziko langileok, eskoletan, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleez arduratzen gara: zeinu hizkuntzako interpreteok eta hezkuntza laguntzako espezialistak gela barruan eskuhartzen; Itinerante moduan berriz, fisioterapeutok saio teknikoak ematen ditugu eta transkriptore eta lan terapeutok, gelako, zein ikastetxeko materiala egokitzen dihardugu.

2003tik hitzarmenik gabe gauden kolektibo honetan, lehendik ere egoera larrian bageunden ere, azken urteetako murrizketek are egoera larriagoan utzi gaituzte, langile, ikasle, eta familiak.

  • Hezkuntza Sailak hezkuntza premia bereziak izendatzeko eta baliabideak esleitzeko irizpideak gogortu ditu, lanpostuak murriztuz edota kasu batzuetan lanaldi partzialak bihurtuz; lanpostu guztien %19a, 150 lanpostutik gora. Ondorioz, hezkuntza premia bereziak dauzkaten ikasle askok ez dute behar besteko arreta jasotzen. Azken urte luzeetan, behar bereziak dituzten ikasle gehiago matrikulatu badira ere, langileak eta baliabideak inolaz ere ez dira proportzio berean hazi.
  • Hezkuntza Laguntzako Espezialistok, ez daukagu asteko jarduna zehaztuta, urteko ordu kopurua baizik; honen ondorioz , gure asteko jardunak 40 orduak gainditzen ditu kasu batzuetan.
  • Egiturazko 400 lanpostutik gora Lanpostu Zerrendatik kanpo daude. Eta behin-behinekotasuna %58koa da, hau da, 600dik gora langilek behin-behineko kontratua dute.
  • Irakaskuntzan lan egin arren, Hezitzaileon soldatak, administrazioko maila bereko kategoria berdina daukaten langileen soldatak baino baxuagoak dira.
  • Honi gehitzen zaio soldatetan ezarri dizkiguten murrizketak eta eros-ahalmenaren galera, %12tik gorakoa izatea.
  • Ordezkook, ikasturte osoan zehar lan egin arren ez dugu uda kobratzen ez puntuatzen.
  • Bajak hartzea zigortua dugu. Izan ere, 2012tik aurrera, sektore publiko osoan gertatzen den moduan, bajak hartzerakoan administrazioak soldatak bere osotasunean ez ordaintzeko erabakia hartu baitzuen.
  • Erretiroa hartzeko gero eta baldintza okerragoak ditugu eta 2019tik aurrera erretiro partziala hartzeko aukera ere airean dugu.

Eta hau guztia, heziketa laguntza berezia behar duten ikasleei laguntza eman behar dieten langileen artean. Berez heziketa lana gehien zaindu beharko litzatekeen esparru batean.

Hezkuntza Sailak inola ere ez dio erantzuten egoera larri honi. Izan ditugun bi negoziazio mahaietan, gure oinarrizko aldarrikapenek ez dute erantzunik jaso. Lan-kargak gutxituko dituen eta heziketa arreta hobea bermatuko duen lanpostu handitzerik ez du egin nahi jaurlaritzak. Behin-behinekotasuna kasurik onenean %36an utziko luke, 268 lanpostuko EPE proposamena besterik ez digute luzatut. Hezkuntza Laguntzako Espezialiston asteko lanaldia 37,5 ordutan utzi nahi dute eta soldatetan, gradu titulazioa behar duten lanpostuen homologazioa soilik eskaintzen du administrazioak (60 langile inguru, ia 1.000 langileren soldata diskriminazioari aurre egin gabe).

Eusko Jaurlaritzak, sektore ezberdinetako Negoziazio Mahaiak deitzeko tramitea egin duen arren, egoera larri honi buelta emateko inolako neurri zehatzik ez du ezarri mahai gainean. Hori dela eta gure aldarrikapenak jasoko dituen negoziazio mahaia deitzea eskatzen diogu administrazioari.

Ondorengoak dira LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok egungo egoerari irtenbidea ematen hasteko adostu beharrezko neurriak:

  • 2003 geroztik berritu gabe dagoen hitzarmena negoziatu eta berritu, funtzio publikoko lan hitzarmen zaharrena delarik.
  • Hezkuntza Behar Bereziak izendatzeko irizpideak zabaldu eta, honen baitan, behar berezia duten ikasleen eta beharren mailaren araberako plantilla handitzea. Lan-kargak arindu heziketa lana modu egokian garatu ahal izateko.
  • Hezkuntza Laguntzako Espezialisten asteko jarduna murriztu, mugatu eta zehaztu.
  • Lanaldi partzialak mugatu eta posible diren guztiak lanaldi oso bihurtu.
  • Lanpostu Zerrendak benetako beharretara egokitu eta handitu.
  • Behin-behinekotasuna %6ra jaitsi, horretarako 400 lanpostutik gora egonkortuz.
  • Murrizturiko soldata eta eros-ahalmena berreskuratu.
  • Hezitzaileon soldatak egiten den heziketa lanaren baitan nabarmen hobetu.
  • 165 egunetik gora lan egiten dugun ordezkoentzat uda kobratzeko eta puntuatzeko eskubidea bermatu.
  • Bajak bere osotasunean ordaindu, gaixotzen garen langileok zigortzeari utziz.
  • Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu.

Hau guztia azaleratu, salatu eta egoera larri honi irtenbidea exijitzen dugu aste honetan zehar honetarako ekimen ezberdinak burutuz:

Gaur gure egoeraren eta aldarrikapenen berri emateko prentsaurreko hau burutu dugu.

  • Jarraian Bilboko ordezkaritzara joango gara gure aldarrikapenak entzun arazteko.
  • Asteartean Donostiako ordezkaritzara joango gara, bertan ere entzun gaitzaten.
  • Asteazkenean Gasteizko Gorbeialde ikastetxean komunitate osoa batzeko aukera izango dugu antolatu dugun world-txokolatean. Bertan giro musikatu eta alai batean gure errealitateaz hitz egin ahal izango dugu.
  • Ostegunean, sektoreko greba burutuko dugu eta Lakua inguratuko dugu gure aldarrikapenak zuzenean entzun ditzaten.
  • Ostiralean, ohiko diren ikastetxetako elkarretaratzeetan hartuko dugu parte, ostiral beltza.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta, honek guztiak eraginda, egungo hezkuntza publikoan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Saileko arduradunei eskatzen diegu, orain arteko jarrera aldatzeaz gain, egoera larri honi heldu eta irtenbidea emateko proposamen zehatzak mahai gainean jarriz negoziatzeko borondatea ager dezatela.

Honela ez bada, iazko ikasturtean egin dugun moduan, ikasturte hasiera honetan gauzatzen ari garen mobilizazio eta grebei jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko.