ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek mobilizazio ugari deitu ditugu EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan.
Urrian zehar hainbat herri eta ikastetxeetan itxialdiak eta jai aldarrikatzaileak egin ditugu ikasle, guraso eta langileekin batera.
Urriaren 28an familia eta herritarrekin batera manifestazio jendetsuak antolatu ditugu Gasteiz, Donostia eta Bilbon.
Aurreko hiru astetan Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta langileek, Sukaldari eta Garbitzaileek, eta Heziketa Bereziko Hezitzaileek izan zituzten Borroka astea eta Greba eguna. Aste honetan Irakasleon txanda da.
Astean zehar hainbat ekimen izango ditugu ikastetxeetan: Ikastetxeak aldarrikapenez beteko ditugu, gure eskakizunak kalera aterako ditugu jendartearekin elkarbanatzeko, kalejirak eta elkarretaratzeak egingo ditugu
Ostegunean, Greba egunean, lurraldeko hiriburuetan manifestazioak egingo ditugu.
Aurreko ikasturtean EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore ezberdinetan azken urteetan pairatzen ari garen egoera larria salatu asmoz, eta egoerari buelta emateko neurriak plazaratzeko mobilizatu gara.
Eusko Jaurlaritzak, ordea, oraindik ez die gure aldarrikapenei erantzun egokirik eman.
Negoziazio Mahaiak deitzeko ariketa formala egin duen arren, gobernuak luzatutako proposamena hezkuntza publikoak behar duen eta gure aldarrikapenak jasotzen dituzten gutxienekotara ez da inondik inora heltzen.
LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon ustez hauek dira egungo egoerari irtenbidea ematen hasteko adostu beharrezko neurriak:
-
Egun BPGren %3,5eko den Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza inbertsio publikoa handitzea gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa ezarriz eta progresiboki UNESCOk gutxienekotzat jotzen duen %6ra iritsiz.
-
Azken urteetan eman den matrikulazio igoera, lan-kargen handitzeari eta ikastetxeen behar izanei aurre egiteko plantilak gutxienez 1.800 langiletan handitu.
-
Egun %38koa den behin-behinekotasuna, %6ra murriztu. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.
-
Ikasle-ratioak %10 murriztea.
-
Soldata murrizketa eta %15 murriztu den irakasleen eros-ahalmena berreskuratzea (gutxienez 32.500 €ko galera metatua 2009tik Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 41.100 € Bigarren Hezkuntzan).
-
Egun kasu askotan astebetera atzeratzen diren ordezkapenak lehen egunetik egitea kidego guztietan.
-
Bajak zigortzeari utzi eta lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.
-
Erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.
-
LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
-
Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
-
Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko euskarazko murgiltze eredua garatzea.
-
Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.
Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta, honek guztiak eraginda, egungo hezkuntza publikoan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.
Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez du proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu.
Hau dela eta, uste dugu ikasturte honetan ere, Hezkuntza Sailak greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digula uzten.
Beraz, mobilizatzen jarraituko dugu eta ostegun honetarako eginiko greba deialdiaz gain, abenduaren 12an beste sektore guztiekin batera grebara joango gara.
Euskal Herrian, 2017ko azaroaren 27an
Leave A Comment