Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea

Atzo, Eibarren, 3 sindikatuok Haurreskola Partzuergoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin Mahai Negoziatzailean bildu ginen. Bilerako gai ordeneko puntu nagusia akordio baterako proposamena zen, azaroaren 9ko greban aurkeztu genituen aldarrikapenak oinarri hartuta. Beti bezala, Enpresak hitz politez jantzi zuen bere diskurtsoa, baina edukiak ez zituen zehaztu.

Enpresak landu gabeko 3 proposamen baino ez zizkigun egin:

  • Pertsonal Kudeaketako langile-taldea hiruzpalau LEP-en bitartez egonkortu. Hezitzaileontzako proposamenik, EZ!

  • Ordezkapenak bertaratze orriarekin ez baldintzatu. Gela 1 eta 4 bitarteko haurreskoletan ordezkapenak gauzatuko omen dira; 4 gelatik gorako haurreskoletan, ordea, 2-3 eguneko ordezkapenak ez dira beteko. Gainontzekoak, 03PK inprimakiak baldintzatuko ditu.

  • Koordinatzaile ordearen plusa 15. egunetik aurrera ordaindu eta koordinaziorako denbora zabalik dauden gela kopuruaren arabera zehaztu, nahiz eta 6. edo 8. gela beteta ez egon (koordinazio denbora aldaketa zehazten duten gelak, hain zuzen ere).

Gainontzeko aldarrikapenen inguruan, betiko erantzunak jaso genituen. Eusko Jaurlaritza, Legebiltzarra eta Aurrekontuen legedia aitzakia erabiltzen jarraitzen du guk egindako aldarrikapenak ez garatzeko. Beraz, eroste ahalmenari buruz, bajak ez zigortzeari buruz, doakotasunari buruz, ratioei buruz, erretiroa errazteari buruz, haurreskola guztietan 8 orduko zerbitzua eskaintzeari buruz… AURRERAPAUSORIK, EZ!!

STEILAS sindikatuak argi eta garbi esan zien Haurreskolak Partzuergoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei oso proposamen eskasa eta landu gabekoa aurkeztu zigutela. Hau baldin bada eskaintzeko duten guztia, hezitzaileekin haurreskoletan eta kalean mobilizatzen egotea lehenesten dugu.

Aldarrikapen guztiak garatzen dituen proposamen integral bat aurkeztu ezean, egoerak ez du irtenbiderik izango. Honen ardura beraiek dute momentu honetan, egin dezatela egin beharreko guztia konponbidea bilatzeko (Eusko Legebiltzarra interpelatu, Eusko Jaurlaritza…).

Beraz, atzoko “paripe” horren ostean, mobilizazioekin jarraitzea besterik ez zaigu geratzen.

Hilaren 12an, GUZTIOK GREBARA!!

2017-12-05 STEILAS BERRI 4