HEZITZAILEAK, KOLEKTIBO AHAZTUA?

Laguntzaileak. Auxiliarrak. Zaintzaileak. sei hilabetez, ikastetxe berean (kasurik onenean, noski) egunean zortzi orduz lan egin ostean…”baina zuk ikastetxean egiten duzu lan?”. Ba bai, ikastetxeetan egiten dugu lan eta jada ez dakit zenbat urteren ostean (ahaztu eta guzti egin zait…) Hezkuntza Laguntzako Espezialistak izatera pasatu gara; eta gure lankideak diren Fisioterapeutak, Zeinu Hizkuntzako Interpreteak, Terapeuta Okupazionalak edota Transkriptoreekin batera, hezkuntza bereziko hezitzaileon sektorea osatzen dugu.

Hezkuntza premia bereziak dituzten haurrekin ibiltzen gara hara eta hona, jo eta ke lanean: gela barruan batzuetan, gelatik kanpo besteetan, beraien garapen integral osasuntsua bermatzeko lanean, ikastetxearen curriculumera sartzea errezteko, arlo guztietako autonomia garatzeko, beraien harreman sozialak sustatzeko, klaseak interpretatzeko…

Baina kolektibo ahaztua gara. Geletan askotan ez gaituzte ikusten, klaustroan parte hartzeko eskubiderik ez dugu (salbuespen gutxitan ematen digute aukera), 2003tik gure lan hitzarmena berritu edo/eta eguneratu gabe dugu… Eta Hezkuntza Sailak ez du eskurik hartzen gure egoeraren aurrean, hori okertzera ez bada; gure lan baldintza prekarioei bizkarra ematen die.

Horregatik hartu dugu parte gure borroka astean eta azaroaren 23an greba egin genuen eta Lakuan elkartu ginen, LAN BALDINTZAK HOBETU, HEZKUNTZA ERAIKI lemapean. Izan ere, guk ez badugu borrokatzen gure eskubideengatik, nork borrokatuko du bada? Administrazioak elkartuta ikusi behar gaitu, kalitatezko hezkuntza publikoaren alde! Aski da, ezin dute gure osasunarekin jolastu (ojo! Gaixotasun profesionalak aitortu gabe baititugu… ). Izan ere, kaltetu zuzenak ikasleak dira.

Momenturen batean guztiok ditugu behar ezberdinak, hori aniztasunaren ezaugarri bat da, ezta? Eta hezkuntza premia bereziko ikasleek ere ez dituzte beraien beharrak aukeratu, ez eta beraien gaitasun eta autonomia mugatuta izatea; eta ez al dute beraiei dagokien arreta jasotzeko eskubiderik? Ez al dituzte beraien gelakideen eskubide berdinak? Ba ezetz ematen du!

Lehenengoari erantzunez, oro har, eta errealitateari erreparatuta, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek ez dute beraiei tokatzen zaien arretarik egokiena jasotzen; gelan edota ikastetxean beste behar batzuk dituzten ikasle gehiago ere baitaude eta Hezkuntza Sailak ez baitie guztiei irtenbide nahikorik ematen (kuriosoa, milaka langile etxean egonda lanerako prest…). Bigarrengo galderari erreparatuta, eta azaroak 23ko greba erreferentziatzat hartuta, hainbat ikastetxek eta Eusko Jaurlaritzak berak, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei jangelan ez geratzeko esan zieten, etxera joatera “gonbidatuz” (datu garrantzitsua: beraien gelakideak jangelan gelditu ziren). Bi egoeratan, ez al dira ikasle hauen eskubideen urraketak ematen?

Hezkuntza Saileko arduradunek (ardura gutxi adierazten badute ere, horrela deituko diegu) ikasle hauek ikastetxeetan jaso behar duten erantzuna edo arreta, kasu gehienetan, hezitzaileon gain uzten dute. Gero erantzun hori emateko aurkitzen ditugun arazoak (ordutegi luzeegiak, joan-etorriak gure denboratik hartu, soldata baxuak…) konpontzeko “paso” egiten dute. Hor konpon…! Argi dago, irizpide ekonomikoak ikasleen errealitatearen aurretik lehenesten dituztela.

Egoera tamalgarri honen aurrean, indarrak batu behar ditugu eta borrokan jarraitu. Azkeneko greban, gure sektoreko %75ak greba egin zuen, egoera hau salatzeko eta irtenbidea bilatzeko. Horregatik, abenduaren 12an ere greba egitera animatzen zaitugu hezkuntza komunitate guztiarekin batera, gure aldarrikapenak entzun ditzaten; guk ez badugu borrokatzen, nork borrokatuko du bada?