Eskola publikoa da herri baten oinarriak eraikitzen dituen hezkuntza: kohesio soziala bermatzen duena, ikasle guztientzat euskara eta gure kulturaren transmisiorako ezinbesteko tresna, jakintza komunak bermatzen dituena, aniztasunean bizitzen erakusten duena. Desberdin pentsatu eta desberdin bizi direnen arteko elkargunea da XXI. mendeko eskola.

Eskola publikoak familiak eta langileak elkarlanean aritzeko baliabideak eskaintzen ditu; lidergo partekatuen bidez eta erabaki adostuen bidez eskola eraikitzeko aukera dugu herri ikastetxeetan. Eskola hurbilak dira, auzoko eta herriko errealitatea jasotzen dutenak. Alabaina, eskaintzen zaizkigun aukera horiek gauzatzeko, langileon eta familien konpromiso sendoa behar da. Zuzendaritzek, adibidez, ardura zuzena dute eskolaren ateak zabaltzeko eta parte hartzea sustatzeko garaian; gainerako langileok familien parte hartzera eta iradokizunetara zabalik egon behar dugu. Familiek beraien parte hartzeko aukerak eta inplikazioa modu eraginkorrean bideratzeko konpromisoa izan behar dute. Eta, zorionez, gero eta gehiago dira bide horri helduta eskola komunitate sendoak eraikitzen ari diren herri ikastetxeak.

Jakintza, kultura eta hizkuntza propioaren transmisioa bermatzeaz gain, aniztasuna izan behar du ardatz XXI. mendeko eskolak. Gure ikasle eta seme-alabak euskal herritar izateaz gain, mundu osoko biztanle ere badira, mundu osoko ume eta gazte asko euskal herritar diren bezala. Mundu honetan bizitzeko ezinbestekoa omen da ingelesaren ezagutza zenbaitentzat. Ez al da are garrantzitsuagoa gaur egungo ikasleek jatorri desberdinetako ikasleekin modu naturalean lan egiteko gaitasuna garatzea edo bizipenak elkarbanatzea? STEILASen ustez, gaur egungo edozein ikaskuntza prozesutan ezinbestekoa da aniztasuna, desberdinen arteko elkarlana. XXI. mendean aniztasuna oinarri ez duen hezkuntza proiektu batek ez du ez hanka ez buru. Homogeneotasunean oinarritutako edozein irakaskuntza jendarteari bizkarra ematen ari zaio. Horregatik uste dugu ikasleen hezkuntza integrala bermatzeko eskolek komunitatearen isla izan behar dutela ezinbestean.

Garbi dugu zein den gure herriak behar duen hezkuntza eredua, nolako eskolak eta ikasleak behar dituen gaurko eta biharko gizarteak. Horretan ari gara, euskal eskola publiko sendo bat eraiki nahian. Euskal Eskola Publikoaren aldeko hautua egiten dugun familiek eta langileok, eta jendarteak berak, merezi duelako. Gora Euskal Eskola Publikoa!