ELA, LAB, STEILAS, ESK, Hiru eta EHNE Bizkaiak Euskal Herriko mugimendu Feministak deitu duen Greba Feministan eta Martxoaren 8an egiten diren mobilizazioetan parte hartzeko deialdia luzatu du eta horretarako gaur lan uztea erregistratu dute Bilboko Lan Ordezkaritzan. Bihar berdina egingo dute Iruñean.Lan uzteak lau ordukoak izango dira (11:00-15:00 eta 18:00-22:00).

Aurtengo Martxoaren 8an lehenengo aldiz Euskal Herrian greba feminista egingo da EMAKUMEOK* PLANTO lemapean. Enplegu greba hutsaz harago doan greba izango da, zaintza betebeharrei eta kontsumoari lotutako lanuztearen aldeko apustua egingo da, egungo eredu kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzeko.

Greba honek beste lan batzuei, bizitzaren beste eremu batzuei eragingo die. Egun horretan eguneroko zaintza eta etxeko lanei, kontsumoari, enpleguari eta ikaskeei planto egingo diegu sistema hau emakumerik gabe ez doala inora aldarrikatuz. Emakumeek* kalean, etxean, lantokian eta eremu intimoan hartzen duten espazioa eraiki nahi dugu. Gure borrokak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu. Mugimendu Feministak argi esan duen bezala: hau ez da defentsarako greba hutsa, eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera.