ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek Elorrion lan istripuan hildako kamio gidariaren heriotza salatzeko kontzentrazioa egin dute Bilbon

Eusko Jaurlaritzaren aurrean egin dute kontzentrazioa, Elorrion, otsailaren 23an lan istripuan hildako kamio gidariaren heriotza salatzeko. Egoera lazgarri honen aurrean Administrazioek beste alde batera begiratzen jarraitzen dutela salatu dute. Garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla nabarmendu dute.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuen oharra:

Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu otsailaren 23an Elorrion lan istripuan hil zen kamioi gidariaren senide eta lagunei. Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Azpimaragarria da garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak direla, baina sektorearen beste zati handi bat gidariek osatzen dute. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak ez dira hobetu. Ezinbestekoa da garraiolari nahiz gidarien egoera hobetzea, bai porteen prezioetan, bai lan orduetan, Europako herrialde askotan hartzen ari diren antzeko neurriak kontuan hartuz, izan ere, sektorearen zati bat prekarietatean egoteak bestea ere bertara bultzatzen baitu.

Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da; izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Garraiolarien lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontuan edukitzen: errepide istriputzak jotzen dira, zenbakiak apaintzeko. Besteetan, “heriotz natural” delakoen zifren barruan sartzen ere saiatu ohi dira, ez garraio sektorean bakarrik, lanak eragiten dituen estres egoerak, besteak beste, alde batera nahita utzita.

2017. urtean 53 langile hil ziren lan istripuan, horietatik zortzi, garraiolariak. Aurten jada 12 pertsona hil dira lan istripuan Hego Euskal Herrian eta horietatik sei errepidean lan egiten zuten gidari eta garraiolariak. Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUko kideok egoera salatzen jarraituko dugu, baita hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen ere.

2018-03-02T22:24:23+00:002018 martxoa 2 |Albisteak, Lan osasuna|

Utzi iruzkizun bat