Martxoaren 20rako Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako greba deialdia erregistratu da

Akordioetara iristeko Kristau Eskola eta AICEren borondate ezak sindikatuoi mobilizazioak indartzea beste biderik ez digu uzten, greba egun bat deituz ikasturtearen bigarren hiruhilabetekorako.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuon oharra

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok martxoaren 20rako deitu dugun greba deialdia erregistratu dugu Eusko Jaurlaritzan.

Gizarte Ekimeneko sektoreak EAEko ikastetxe itunduen %70a hartzen ditu gutxi gora behera eta 9.000 lagunetik gora egiten dugu lan bertan. Hitzarmen berria adosteko negoziazioak azaroan eten ziren eta orduz geroztik mobilizazioak hasi ditugu eta oraingoan, blokeo egoera ikusita, pausu bat gehiago ematearen beharrean ikusten gara eta martxoaren 20rako greba deitu.

Sektoreko langileen lan harremanak Gizarte ekimeneko ikastetxeetarako 2008/09 hitzarmenak arautzen ditu gaur egun arte. Urte hauetan langileok Administrazio publikotik bultzatutako eta patronalengatik babestutako murrizketei aurre egin behar izan diegu, horien artean gure lan baldintzak nabarmen okertzen zituen hitzarmen estatal baten aplikazioari. Ekimen hauen aurrean ehunka gatazka kolektibo eta mobilizazio masiboekin erantzun genuen eta horrek estatuan murrizketarik gabeko hezkuntzako sektore bakarrean bihurtu gintuen.

10 urte beteko dira aurki azken hitzarmena sinatu genuenetik. Horrek esan nahi du sektorean ematen ari diren sakoneko aldaketek ez dutela islarik gure lan baldintzak arautuko dituen marko berri batean. Egoera honek egunerokotasunean eragin handia dauka langileengan eta ikasleengan, ezinbestean hezkuntzaren kalitatean islatzen baita egoera hau. Langileen gain esfortzuak eta ez beste ezerk egin du posible azken urteetan ikastetxeetan zabaldu diren metodo pedagogiko berriak, teknologia berriak edota ingelesaren zabalpena, besteak beste. Hori egin ahal izateko gure ordu osagarriak, beste garai batean lan pertsonalerako, eskolak prestatzeko edota ikasleen jarraipen indibidualizaturako erabiltzen zirenak, etengabeko bilerek, formakuntzek eta proiektuek jan dizkigute.

Orain urte batzuk ikastetxeetan ia ez zeuden figurak, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko irakasleak; gaur oso zabalduta daude eta baldintza prekarioetan lan egiten dute, soldata baxuekin eta ordu osagarririk gabe, lanaldi murriztuak lehenak eta gehiegizkoak bigarrenek, ikastetxeetako benetako beharrizanetatik gora daudenak.

2009ko lansari taulak ditugu oraindik ere gaur egun, INEren datuen arabera %13,6ko eroste ahalmenaren galera eragin digutena, eta, ondorioz, metatuan, urte oso bateko soldata irabazteari utzi diogu.

Jaiotza tasaren jaitsieraren ondorioak pairatzen hasi gara, ikasgelen itxierarekin eta kaleratzeekin Haur Hezkuntzako lehenengo mailetan. Adierazle guztiek esaten digute joera hau areagotu egingo dela hurrengo urteetan eta, ondorioz, sektoreak enpleguaren mantentzerako plan bat behar du, erretiro partzialak mantentzeko mesedegarria izango dena.

2010ean hasi ziren KE eta AICErekin izandako negoziazioak eta 36 Hitzarmen Mahai egin ditugu denbora honetan, zeinetan patronalen aldetik erabateko borondate falta sumatu ahal izan dugun akordioetara iristeko. Gure aldarrikapenei ez diete erantzunik eman eta, are gehiago, beraien soldaten inguruko proposamenean ez dute sartu ordainketa eskuordetuaren tauletan tartean emandako finantziazio igoera ere. Jarrera horren aurrean, sindikatuoi mobilizazioa ez den beste biderik ez zaigu gelditzen, patronalak akordioa ahalbidetuko duten posizioetara mugiarazteko, sektoreko hezkuntzaren eta bertan lan egiten dugunon baldintzen hobekuntza lortzeko helburuarekin.

Iazko azaroko mahai negoziatzailearen hausturatik, asanbladak egin ditugu ia ikastetxe guztietan eta mobilizazioaren aldeko mezu argia jaso dugu. Momentu honetara arte dozenaka kontzentrazio gauzatu ditugu, milaka langileren parte hartzearekin eta mobilizazio horiek biderkatuko ditugu iraunkorki herri eta auzoetan. Martxoaren 1eko manifestazioarekin eta martxoaren 20ko greba egunarekin mobilizazioan sakondu nahi dugu. Eta, patronalen aldetik jarrera aldaketa eta benetako negoziazioak abiatzeko asmoa ikusi ezean, hurrengo hiruhilabetekoan mobilizazioa indartzera behartuta egongo gara. Izan ere, sindikatuok negoziatu nahi dugu eta prest gaude horretarako, beti ere eduki mamitsuen inguruan baldin bada.

2018-03-02T22:29:11+00:002018 martxoa 2 |Albisteak, Pribatua EAE|

Utzi iruzkizun bat