Atzo, hilak 21, EH Bilduren ekimenez eta Podemos, EAJ eta PSEren aldeko bozkekin Eusko Legebiltzarrak pausu garrantzitsu bat eman zuen aukera berdintasunaren alde eta Haurreskolen biziraupena bermatzeko: “Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio, Haurreskolak Partzuergoan doakotasunaren bidean lehen urrats gisa eta progresibotasunean sakontzeko, 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familientzat doakoa izan dadila horietako sarbidea.”

Izugarrizko aurrerapena den arren, ez da nahikoa. Haurreskolak Partzuergoak doakoa behar du izan, 0-3 etapan gobernuak berak bultzaturiko pribatizazio basatiarekin bukatzeko. Bide horretan, langileon behin-behinekotasun tasa altuak murrizteko LEP bat gauzatu beharra dago lehenbailehen.

STEILASek betidanik izan du bere agendan Haurreskolak doakotasunerantz urratsak eman beharra. Azken 16 hilabeteetan ere indar bereziarekin eutsi diogu aldarrikapen honi, eta borrokaren ardatz nagusietako bat izan da. Zentzu horretan, Mahai Negoziatzaile guztietan indar berezia jarri dugu doakotasunaren bidean eta Haurreskolen biziraupena bermatzeko plangintza baten barruan, onartu berri den neurria -eta beste asko- txertatu zitezen. Azkena, goiz horretan bertan, hilak 21, izan zen mahai negoziatzailean.

Pausu garrantzitsua da, zalantzarik gabe, familia askori Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzu publikoa erabiltzeko aukera ematen zaielako eta lanpostu askoren biziraupena bermatu daitekeelako modu horretan. Izan ere, urtez urte 550 ume inguru gutxiago matrikulatzen dira urtero.

Azkenik, harrigarria da Jaurlaritzak arlo honetan izandako jarrera. Mahai negoziatzailean arlo honetan akordioak iristeko aukerei behin eta berriz uko egin eta gero, Legebiltzarrean babesa eman zion ebazpenari. Jarrera ulergaitz hauek mesfidantza sortzen dute.