EHU-UPV. Mutilatu egin dute osagarrien 2017ko deialdia

MUTILATU EGIN DUTE OSAGARRIEN 2017ko DEIALDIA

STEILAS eta LABen komunikazio bateratua

Tamalez, astelehenean ezagutzera eman genizkizuen kezkak konfirmatu egin dizkigu gaur bertan Irakasle-Ikertzaileen Erretoreordeak sindikatuekin izandako bileran: OSAGARRIEN 2017ko DEIALDIARI AIZKORAKADA LARRIA SARTU DIO JAURLARITZAK, ebaluazio

protokoloaren aurkako epaiaren aitzakian. Gogoratu urtarrilean epaitegiek arrazoia eman ziotela CCOO sindikatuari, protokoloak irakasle-ikertzaileen autoebaluazioa ahalbidetzen ez duela aitortuz, eta bertan behera geratu zen protokoloaren II Eranskina, A eta B tarteak ebaluatzeko irizpideak finkatzen zituena. Eta ondorioz, geldituta egon da osagarrien ebaluazio eta esleipen prozesu osoa.

Bada, horren aurrean, hauxe egitea adostu dute Jaurlaritza – Unibasq – UPV/EHU hirukoteak datozen hilabeteotan:

  1. Ekainaren 7ko Gobernu Kontseiluan amaitutzat jotzea 2017ko deialdia, A eta B tarteen ebaluazioak bertan behera utzita; baina C tarteak onartuta, 2019ko urtarriletik aurrera ordaintzeko (Unibasq-ek tarte hauen ebazpenaz informatu baitu dagoeneko).

  1. Ekaineko Gobernu Kontseilu horretan ere bertan behera uztea 2018ko deialdia onartzeko erabakia, Kontseiluak berak iazko abenduan hartutakoa. Justifikazioa: deialdi berri bat egin baino lehenago, dirudienez, aurrekoa amaitu egin behar da.

  1. Udako oporraldiaren aurretik protokolo berria argitaratuko du Unibasqek.

  1. Aurtengo irailean 2017ko deialdi berri bat onartzea eta argitaratzea, protokolo berria indarrean dela jada, 2017ko abendura arteko merituak baino ez lituzkeena aintzat hartuko. Deialdi “berriztu” hau 2019an ebatziko litzateke, 2020an ordaintzen hasteko; alegia, HIRU urte beranduago!!!.

  1. Bestalde, unibertsitateko zerbitzu juridikoek ez dute argitu honek guztiak 2015eko eta 2016ko deialdietan izan dezakeen eragina.

Hortaz, 2019 urtean ez da A/B tarte berririk ordainduko, 2017koak ordaindu behar baziren ere. Horrela, praktikan, deialdi bat saltatzeaz gain, osagarrien zikloa (deialdia-ebaluazioa- ordainketa) beste urte betez luzatzea dakar Jaurlaritza, Unibasq eta UPV/EHUren artean adostutakoak. Hau joko zikina da, Jaurlaritza berriz ere dirua “aurreztu” nahian baitabil UPV/EHUko Irakasle eta Ikertzaileen ordainsarien kontura!

Protokoloaren aurkako helegiteak epe ertainean hobekuntzak ekartzea espero dugu, baina argi dago epe laburrean arazoak sortu dituela. Harritzekoa da arazo hauek LAB eta Steilas sindikatuon kezka izan direla bakarrik eta, neurri batean, baita unibertsitatearena ere. Gainontzekoak, edo isilik egon dira, CCOO eta beste sindikatuak kasu, edo Jaurlaritzak eta bere morroi den Unibasq-ek egin bezala, beraien interesen alde eta langileen aurka egiteko aprobetxatu dute.

Beraz, osagarrien dekretuak agintzen duena betetzeko, Steilas eta LAB sindikatuok honakoa exijitzen diegu Administrazioaren eragile guztiei:

  • Aurtengo irailean 2017ko deialdiarekin batera 2018koa ere argitaratu dadila, merituak aurkezteko bi epe ezarrita: 2017ko abendura artekoa eta 2018ko iraila artekoa. Helburua: 2017ko A-B tarteak 2019ko urtarriletik aurrera ordaintzea, eta 2018koak, 2020ko urtarriletik aurrera; hain zuzen ere, 2015ean eta 2016an egin zen bezalaxe.

  • Mekanismo bat gauzatu dadila 2017ko deialdian esleitutako C tarteen onuradunek zitalkeriaz lapurtu zaien urtebeteko osagarri hori berreskurazeko eta, ondorengoetan, deialdia argitaratu eta hurrengo urtetik aurrera ordainduak izateko neurriak hartzea, protokoloak ez baitu zerikusirik C tarte hauen esleipenean.

  • 2019ko deialdia 2019an argitaratu dadila, ohiko epeetan, deialdien erregulartasuna ahalik eta epe laburrenean errekuperatuz.

Egin egin daiteke, borondate kontua baino ez da. Horregatik, ADI EGON!, mobilizazioak deituko baititugu langileon eskubideak defendatzeko.

Jaurlaritza, oztopo gehiagorik ez, nahikoa da!

Leioa, 2018ko maiatzaren 31a.

2018-07-03T01:52:32+00:002018 ekaina 1 |Albisteak, UPV-EHU|

Leave A Comment