Eskola publikoa: erronkaz betetako ikasturtea.

Gure hezkuntza sisteman negoziazio kolektiboa erabat zokoratuta egon da urteetan, bai Nafarroan bai EAEn. Eskola publikoetan murrizketak egin dira urtez urte, aurrekontuz aurrekontu. EAEn hasiera batean murrizketak hain nabarmenak izan ez baziren ere, Nafarroan hasierako murrizketak basatiak izan ziren eta mobilizazio masibo batekin erantzun zitzaien, nahiz eta ez zitzaien eutsi denboran. Nafarroara “aldaketaren gobernua” iristean, irakasleen lan baldintzak hobetzeko itxaropen handiak sortu ziren, eta, beraz, hezkuntzaren kalitatea hobetzekoa ere bai, baina legealdiko lehen hiru urteetan, hezkuntza publikoak ez du lehentasunik izan gobernurako. EAEn, sare pribatu itundua indartzearen aldeko apustua nabarmena izaten ari da PNVren agintaldian. Patronalen finantzaketa publikoak handitzen jarraitu duen bitartean, lan baldintzak gero eta prekarioagoak izaten jarraitu dute. Prekarizazio horrek gatazka kolektibo bat sortu du, eta ikasturte honetan ere irekita jarraitzen du oraindik.

Bi administrazioetako gobernuen jarrera ikusita, STEILAS, LAB eta ELA sindikatuek, hau da, hezkuntzako gehiengo sindikalak, gogoeta bati egin genion, eta, ondorioz, 2016/2017 ikasturtean konfrontazio fase berri bati ekin genion. Errealitate bakoitzera egokitutako erritmo eta ekimenekin (EAEn zazpi greba egun deitu behar izan ditugu gutxienekoen aurreakordio bat lortzeko) eta gehiengo sindikalaren indarren baturari esker (Nafarroan gainerako sindikatuek ere bat egin zuten), akordioak ixtea lortu da. Horiek nahikoak izan ez arren, eskola publikorako eta horietako langileentzako hobekuntza nabarmena ekarri dute. 2018-2019 ikasturtean, ezinbestekoa izango da sinatutako akordioak ikuskatzea. Horiek betetzen ez badira edo negoziatzeke dauden gaietan aurrerapenak egoten ez badira, mobilizazioei ekingo diegu berriro. Aurrekontuak izango dira bi gobernuek irakaskuntza publikoarekin duten konpromisoaren isla.

Fernandez Liriak (filosofoa eta Educación para la ciudadanía eta Escuela Barbarie lanen egilea, besteak beste) eskola publikoa langile klasearen lorpen handientzat jotzen du. Agian, horregatik, PNVk nahiz Geroa Baik, hezkuntza politiketan ere errezeta neoliberalak aplikatzeko obsesioarekin jarraituz, gure hezkuntza sistemetan sare pribatuaren pisua eustearen edo areagotzearen alde egiten dute. Gogoan izan behar da Hego Euskal Herriko ikastetxe pribatuen ituntze mailak Europako gainerakoan pentsaezinezkoak diren mailetara iristen direla, eta, beraz, eskola publikoa bigarren mailan geratzen dela etengabe.

Ondorioz, ikastetxe publikoetako bizitza eragozten duten ezin konta ahala alderdi aurki ditzakegu, besteak beste: ikastetxea aukeratzeko askatasuna guztien ongiaren gainetik; eskola publikoa nahiz pribatua maila bereko zerbitzu publikoa direlako ideia; eskola segregazioa (puntu honetan ere lehengo postuetan gaude); erlijioa gure ikasgeletan; enpresa mundua curriculumetan sartzea; gure eskoletako egunerokoarekin bat ez datozen kalitate printzipioetan oinarritutako kanpoko ebaluazioak; euskara baztertzeko xedea besterik ez duen hirueletasun eredu faltsu bat ezartzea; zeregin burokratikoak handitzea; curriculum edukiaren homogeneizazio eta birzentralizazioa; sare publikoko langileen jarduna etengabe zalantzan jartzea… Hego Euskal Herriko administrazioekin izenpetutako akordioek, arestian aipatu dugun moduan, ikastetxeen egunerokoa hobetzen lagun dezakete. Nolanahi ere uste dugu eztabaida sakona egin behar dela eta sindikatuek eta hezkuntza komunitateak parte hartze handiagoa izan behar dutela behar dugun eskola eredua zehazteko. EAEn PNVk bultzatutako eta errezeta neoliberaletan oinarritutako “Hezkuntzaren aldeko akordioak” ez du konponduko arestian aipatutako alderdietako bakar bat ere. Ikastetxeen “kalitatea” hobetzeko asmoarekin sistema deserregularizatzeak atzerakada nabarmena ekarri du dagoeneko aplikatu den herrialdeetako gizarte kohesioan nahiz emaitza akademikoetan.

Sindikatuok soilik kritikatu eta salatu egiten dugula eta ekarpenik egiten ez dugula dioten etengabeko baieztapenen aurrean, STEILASek lehen aipatutako gai guztiei buruzko proposamenei berrekingo die ikasturte honetan: irakaslanean hasteko eredu berri bat (eredua bera negoziatu eta finkatzeari atea ireki behar zaio: LEPetan sarbide bikoitza); sare pribatua pixkanaka publiko bihurtzea; sare publikoan 0-3 urteko etapa doan izatea; irakasleak kontratatzeko eta diru publikoz lagundutako zentroetan ikasleak onartzeko ereduak berrikustea; hezkuntza laikoa eta doakoa guztiontzat; hizkuntzak ikasten murgiltzeko ereduak; atzerriko hizkuntzetako errefortzuak ikasgelan bertan; hezkuntza komunitateak eta hezkuntza komunitaterako eginiko curriculumak… Eta, batik bat, hezkuntza sistema propio baten aldeko pausoak emateko premia nabarmendu nahi dugu, zeinetan hezkuntza publikoa izango baiten ardatza.