• Nelida Zaitegiren zenbait iritzi eta baieztapenek irakasleenganako mespretxua adierazi zuten

  • STEILAS bat dator egungo oposizio-eredua aldatu beharrarekin baina ezin zaizkie irakasleei leporatu hezkuntza-sistemak dituen hutsuneak.

  • Izan ere, irakasleek administrazioari berari aurrea hartu diote, inplikazioa eta prestakuntzari dagokienez

Nelida Zaitegi, Euskadiko Eskola kontseiluaren presidente gisa agertu zen Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, baina berak emandako iritzi eta adierazpenak, modu pertsonalean egindakoak izan ziren eta ez datoz bat “ Hezkuntza Euskadin” txostenean jasotakoarekin.

Aipatutako kontu asko interes handikoak – batzuk STEILASen ardatz estrategikoekin bat datoz- izanagatik, beste batzuk, berriz, errealitatearekin ez ziren lotzen edota irakasleenganako mespretxua ematen zuten aditzera.

Horrela, ez da egia “publikoak” erresistentziak jartzen dizkionik “funtzio dozente”rako sarbide-eredu berri bati. Areago, azken urteotan behin eta berriz interpelatu dugu Jaurlaritza oposizio eredu berria eta plantillen egonkortasuna negozia dezagun. Bat gatoz egungo oposizio eredua zaharkitua dagoela esatearekin; lehenbailehen eraldatu beharko litzatekeela. Alabaina, horrek ez dakar oposizioa gainditu dutenak “600”a izatea. Alderaketa horrek oposizioegileen esfortzua gutxiesten du eta eguneko hezkuntza sistemak dituen hutsuneak irakasleei leporatzen dizkio. Baliteke beste sarbide-eredu batekin ere hautatukoak berberak izatea.

STEILASen aburuz irakasleek administrazioari berari aurrea hartu diote inplikazio zein prestakuntzari dagokienez eta kasu bakanen bat erabiltzea, oso hurbileko izan arren, ez da zentzuzkoa hezkuntza publikoaren egoera orokortzeko eta, beraz, ez da egokia legebiltzarrean aipatzea. Zailtasun handienak dituzten zentruetan pairatzen ari diren utzikeriaren gainetik, zentruetako irakasle-hezitzaileek aurrera ateratzen dituzte egoera larrienetako ikasleak. Nelida Zaitegik beste klaustroen kasua har zezakeen adibidetzat: Elejabarri, Miribila, Samaniego, Bastida, Cervantes, Oion, Luis Ezeiza…