Patronalek, sektoreko aldarrikapenei erantzuten dioten edukiak mahai gainean jarri ezean mobilizatzen jarraitzeko prest dago langilegoa

Atzo gertatu moduan, gaur ere, sektoreko bostgarren greba egunak izan duen babesa oso zabala izan da, atzokoaren parekoa %65etik gorako jarraipenarekin. Atzoko Bilboko manifestazioan ia 6.000 langilek hartu zuten parte, eta gaurkoan hiru lurraldetan izan direnak ere oso jendetsuak izan dira, hirurak batuta oso antzeko parte hartzea erakusten dutelarik.

Pasa den ikasturtean gauzatutako 3 greba egunei, Urrian egindako lehenengo bi hauek gehitzen zaizkie beraz. Langileek bost greba egun hauei emandako babes zabalak, argi erakusten digu patronalek sektoreko aldarrikapenei erantzuten dioten edukiak mahai gainean jarri ezean mobilizazio eta greba dinamika gogortzeko prest daudela.

Sektorean 9.000 langiletik gorak egiten dute lan, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua. Ia hamar urte daramatzate hitzarmena berritu gabe eta eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Sindikatuok patronalei luzatutako aldarrikapenek, egoera eta arazo horiei erantzuteko helburua dute. Beraz, aldarrikapen hauei erantzungo dioten edukiak mahai gainean jarri ezean, sektoreko sindikatuok Azarora begira adostuta daukagun moduan, mobilizazio eta greba dinamika gogortu beste erremediorik ez digute utziko.