Iritzi artikulua. Haurreskolak Partzuergoa: prekarietatearen kontakizun luzea

HAURRESKOLAK PARTZUERGOA: PREKARIETATEAREN KONTAKIZUN LUZEA

2016-2017 ikasturtean EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitario osoaren alde egiteko martxan jarritako mobilizazioei 2018ko martxoaren 6an itxi zitzaien atea Haurreskolak Partzuergoan, enpresa eta LAB sindikatuaren artean sinatutako akordioaren ondorioz, honek duen gehiengo sindikala baliatuz. Akordio honen sinadurak ehunka langileren esfortzua eta borroka desaktibatu zuen eta, zoritxarrez, askoz onuragarriagoa izan zitekeen akordioa bilatzeko aukera galdu zuen kolektibo osoak. Gainerako kolektiboetan sindikatuon arteko elkarlana eta negoziaketa bera askoz eraginkorragoak izan ziren. Ondorioz, akordio askoz aberatsagoak lortu ziren.

STEILASek Haurreskolak Partzuergoko akordioa faltsuan itxi zela uste du, itsu-itsuan eta presaka. Datuek haurreskola publikoen etorkizuna kolokan dagoela erakusten digute, eta akordioak etorkizun hau bermatuko lukeen neurririk ez du jasotzen. Gainera, prekarietatea betikotzen du.

Ikasturte berria matrikulazio jaitsierarekin hasi genuen irailean, berriz ere. Aurten 100 haur gutxiago matrikulatu dira Haurreskolak Partzuergoan. Datu hau ezin zaio soilik jaiotza tasaren jaitsierari egotzi. Ikasturtez ikasturte matrikulazioak behera nola egiten duen ikusten dugu ehunka zentro pribatuk –erlijiosoak, ikastolak, haurtzaindegiak– diru-laguntza publikoak jasotzen jarraitzen duten bitartean (iaz 25 milioi € baino gehiago STEILASek salatu zuen bezala), haurreskola publikoetako hamarnaka gela itxita dauden bitartean. Ez da onargarria!

Doakotasuna izan zen mobilizazio haien lema nagusienetarikoa, eta STEILASen betiko aldarria. Badakigu neurri honek zuzen-zuzenean eragiten duela gure lanpostuen etorkizunean. Prentsatik jakin dugunez, aurreko ikasturtean Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eginiko eskaera ere 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko da: urtean 18.000 € baino gutxiago irabazten duten familiendako sarbidea doakoa izatea, hain zuzen ere. Neurri horrek duen garrantzia aitortuta ere, STEILAS Sindikatuak borrokatzen duen doako eredutik urrun dago. Neurriaren eragina mugatua izango da, ezinbestekoa da urrats gehiago ematea.

STEILASen ez dugu Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna beste modu batera irudikatzen. Doakotasunaren eta hezkuntza eredu publiko integralaren aldeko apustua egiten dugu. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak jasotzen duen moduan, “0-3 urte tartean eta gainerako hezkuntza etapetan (unibertsitatea barne) eskatzen diren plaza guztiak sare publikoan estaltzea, doan” legez ezarri beharko litzatekeen eskubidea da. Haurreskolak Partzuergoa da Euskal Eskola Publikoko lehen urratsa, eta bertan integratu behar du, guztiz, behingoz. 0-3 etapan gertatzen den guztiak zuzen-zuzenean eragiten die eskola publikoko ondorengo etapei. Eusko Jaurlaritzari sare publikoaren aldeko eta pribatizazioaren kontrako apustu irmoa egin dezan eskatzen diogu.

Guretzat beste marra gorri bat langileon egonkortasuna da. STEILASek langileak egonkortzea exijitu zuen akordio hori sinatzeko ezinbesteko neurri bezala. Horren ordez, intentzio hutsak baino ez genituen jaso, hitzak. Langileen EPE bat antolatzea eskatzen genuen, % 40 baino gehiagoko behin-behinekotasuna jaitsi ahal izateko. EPErik ez, eta Ordezkoen Araudi berri bat dugu mahai gainean. Ordezkoen Araudia eguneratzeko beharra ukatu gabe (mobilizazioak hasi baino lehenago dagoeneko negoziatzen ari zen dokumentua), araudi horren atzean ezkutatzen den egoera azalarazi behar dugu: ordezkoak ordezko izatera kondenatzen ditu. 10, 11, 12 urte ordezkapenak egiten egon eta gero ehunka langileren etorkizuna bere horretan utzi duen araudia. Ordezkoak ordezko, betiko.

Beraz, STEILASek beharrezko ikusten du, egoerak okerrera egin aurretik, mahaian eseri eta akordioaren sinaduraren ondorioz baztertu ziren gaiak lantzen hastea: haurren matrikulazioa igotzeko neurriak, langileen behin-behinekotasun tasa jaisteko EPEa, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta etorkizuna bermatzeko bideragarritasun plana. Noiz hasiko gara hauei buruz hitz egiten? Edo, ez al zaie komeni, akaso? Zeintzuk dira Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna bermatuko dituzten neurriak mahai gainean jartzeko kontra dauden interesak? Euskal Eskola Publiko integrala bultzatu beharrean, zer-nolako hezkuntza (eta, ondorioz, jendarte) eredua nahi dute bultzatu?

Zoritxarrez, akordioa sinatu ostean mobilizazioak hasi aurretiko garaira bueltatu gara negoziazioei dagokienean. Zertarako da oinarri orduan akordioa? Atzera egiteko? Txikikeriatan hasteko, berriz? Dagoeneko onartuta ditugun eskubideak benetan gauzatzen direla ziurtatzeko? Noiz ekingo diogu Lan Hitzarmena osotasunean negoziatzeari? Zertan ari gara? Azken urteetan Haurreskolak Partzuergoak erakutsi duen utzikeria maila izugarria agerian utzi behar dugu, eta ez gara aspertuko. Horrela, ez!

Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak ezin dute kokatu eskaintzen dugun zerbitzua bigarren maila batean, eredu pribatu baztertzaileen aldean. Lehenetsi beharrean, bazterrean uzten ari dira, gutxika-gutxika.

Soberan dakite STEILAS ez dutela bide horretan aurkituko. Haurreskolak Partzuergo publiko, doako, unibertsal, kalitatezko, integral, inklusibo, hezkidetzaile eta euskaldun baten alde borrokan mantenduko gara. Euskal Eskola Publikoaren alde borrokan, inolako konplexurik gabe.

2018-11-21T13:23:48+00:002018 azaroa 21 |Albisteak, EAE, Haurreskola, Iritzi Artikuluak|

Leave A Comment