Hezkuntza Sailak ordezkogaien kudeaketarako baliabide gehiago jarri behar ditu

HEZKUNTZAK SAILAK ORDEZKOGAIEN KUDEAKETARAKO BALIABIDE GEHIAGO JARRI BEHAR DITU

Honen bitartez, ikastetxeetan azkenaldian bete ez diren hainbat ordezkapenen inguruko kontuak argitu nahi ditugu. Ordezkapen gehienak lehen egunetik betetzen ari badira ere, kudeaketa arazoen ondorioz ordezkapen batzuk ez baitira behar bezala bete.

Urteak joan urteak etorri, irakasle ordezkogaien ordezkapenen kudeaketan badira ikasturtean momentu jakin batzuk zeinetan ordezkapenen beharra nabarmen igotzen den: irailean, ikasturte hasieran, ordezkogaien aparteko zerrendak ireki eta hauek barematu beharra dagoenean eta gabon osteko garaian, nabarmenenak aipatzearren. Gainera, pasa den azaroan ireki ziren aparteko zerrenden baremazioa amaitu gabe dago oraindik.

Urtero errepikatzen diren kontuak dira, eta jakina zen beharra asko areagotuko zela ordezkapenak lehen egunetik betetzen direnetik. Beraz, ezohiko batzorde barematzaileak antolatu izan balira, lekualdatze lehiaketan edo EPE deialdietan egiten den bezela, ez ginake orain horrela egongo; zerrendak berritu gabe, langileak lanik gabe eta ordezkapenak gauzatu gabe.

Azaldutakoari erreparatuz argi dago egun lanean dauden kudeaketa langileen lan zama jasan ezina dela eta STEILASetik gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Guk argi baitugu lan zama bikoizten denean baliabideak ere bikoiztu behar direla, langileen lan baldintza duinak mantentzeko baita ematen den zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ere.

Horregatik guztiagatik Hezkuntza Sailari exijitzen diogu lan zama hau arinduko duen baliabide teknologiko zein giza baliabideak jarri ditzan lehenbailehen sindikatuokin akordioan sinatutakoa betetzen jarraitu dadin. Onartezina deritzogu egon den antolaketa eta aurreikuspena falta, arduragabekeri honek eragin zuzena baitu ikastetxeetan, kudeaketako langileengan eta, batez ere, hezkuntza kalitatean. Salaketa hau zuekin partekatzeaz gain hezkuntza sailari ere bilera bat eskatu diogu azalpenak eskatu eta arazoa konpontzeko proposamen posibleak luzatzeko.

STEILASen tinko jarraituko dugu lanean hezkuntza publikoa hobetzeko!

 

2019-01-17T18:22:18+00:002019 urtarrila 17 |Albisteak, EAE, Publikoa EAE|

Leave A Comment