Skolaeren aurkako erasoak hasi ziren talde eta guraso elkarte ultrakatolikoen eskutik, eta laster gehitu zitzaizkien PP, UPN, Ciudadanos eta Vox. Bi helburu zituzten erasoaldiarekin: ikastetxe pribatuetan Skolaeren aurka oldartzea eta, bide batez, Nafarroako Gobernua ahal den gehien higatzea. Horretarako, programaren elementu isolatuak, maiz axalekoak, morboz eta testuingurutik kanpo erabili dituzte, aurkako sasiargudioak biltzeko, itunpeko ikastetxe pribatuen programarekiko intsumisioa justifikatzeko asmoz. Horrela, eutsi egin nahi diete indarrean dauden sumisio-menderatze sistemari eta hezkuntza praktika segregatzaileei, ez baita politikoki zuzena berdintasuna lantzearen kontra agertzea.

Sistema soziopolitikoaren eta ekonomikoaren oinarri nagusia da heteropatriarkatua eta, Skolae programarekin, agerian uzten dira sistema horri eusteko mekanismoak. Ikasleek ulertzen dituzte sistemak darabiltzan tresnak, hala nola segregazioa (generoaren araberako ikastetxe bereiziak, komun eta aldagela segregatuak, mutilen nagusitasuna jolastokian, eta abar), janzkerarekin eta itxurarekin lotutakoak (uniformeak, jantzi, apaingarri eta orrazkera bitarzaleak) eta, oro har, ikasleek aukera dute ikuspegi feministatik mundua behatzeko eta, jakina, hori oso arriskutsua da sistemarentzat. Bidenabar, sumisio-menderatze sexistarekin batera, bestelako begirada kritikoak pitz daitezke: eskola-segregazio xenefoboa eta aporofobikoa, lan harremanen bidegabekeriak, kapitalismoak sortutako ingurumenaren suntsipena, etab.

Erregimenak bere ideologia klonatu behar du ikasle gehienengan, herritar helduek lan egin dezaten haren helburuak betetzeko. Skolaek ireki dezakeen arrakala saihestu behar da; horregatik erasotzen zaio programari. Elizaren kontrolpeko ikastetxeek bermatu behar dute heteropatriarkatu espainiarra, eta haien geletan ezin da sartu ez hezkidetza, ezta euskara ere, batez ere Nafarroan, gero eta espainoltasun sentimendu apalagoa duen eta gero eta ateoagoa den horretan.

Ikastetxe pribatuak hasi ziren ausarki finantzatzen frankismoaren garaian eta PSOEko gobernuak legez ezarri zuen itunpeko ikastetxeen eredua. Beraz, ikusten dugu erregimen heteropatriarkala ahultzeko ezinbestekoa dela itunpeko ikastetxe pribatuen diru-laguntzak bertan behera uztea eta hezkuntza sistema osoa publifikatzea, pedagogia feminista ikasle guztiengana iristeko.

Hortaz, kezkagarria da hagitz Nafarroako Gobernuak hartutako erabakia, ezarri baitu Skolae hautazkoa dela, nahiz eta programak dioen «programa nahitaez eta mailaz maila, curriculum bidez hezkuntza-sistema osoan integratuko da». Gainera, Skolaek lortu nahi dituen xedeak jasoak daude Nafarroan indarrean den berdintasunari buruzko legedian. Aldi berean, ikusten dugu erlijio katolikoa eskaintzen dela bi orduz astean Nafarroako ikastetxe gehienetan, erlijio horren doktrina matxista eta LGTBIfobikoa izanagatik.

Geroa Bairen erabakiaren oinarrian egon daiteke Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, adierazitakoa: «Sexuaren arabera bereizitako hezkuntza ez da baztergarria». Dirudienez, aldaketa ekarri behar zuen gobernuak ez ditu dardararazi nahi erregimenaren zutabeak.