Haurreskolak Partzuergoko STEILASBERRI7: Otsailak 6 ko Mahai Negoziatzailearen laburpena.

2019ko otsailaren 6ko Mahai Negoziatzailearen laburpena

Hauek izan ziren atzoko bileran Haurreskolak Partzuergoak eta sindikatuok jorratu genituen gaiak:

  • Kudeaketako langileen ordezkoen lan-poltsa deialdiaren proposamena:

Dakizuenez, Haurreskolak Partzuergoak kudeaketako langileen ordezkoen lan-poltsa irekitzeko iragarkia publikatu zuen hedabideetan pasa den igandean. Atzoko bileran, enpresari sindikatuei bidalitako dokumentazioko hainbat hutsune eta akats azpimarratzeaz gain, STEILAS sindikatuak argi eta garbi helarazi zion enpresari prozesu guztiaren egutegia zehaztu beharra zegoela bilera bukatu baino lehenago. Enpresak, azkenik, proposamena haintzat hartu zuen eta prozesu guztiaren datak finkatu genituen. Adostutako egutegiaren arabera, lan-poltsak 2019ko maiatzaren 20an jarriko dira indarrean (beranduenez).

Bestalde, lan-poltsa hau oposaketara arte indarrean egongo zela adierazi zigun enpresak, 2018ko martxoan LAB sindikatuarekin sinatu zuen akordioaren arabera. Oposaketako emaitzekin lan poltsa berri bat eratu nahi zuen eta, ondorioz, gaur egungo langileak LEPra aurkeztera derrigortu. Guzti honekin EZ ados, STEILAS sindikatuak baldintza hori bertan behera uztea exijitu zion enpresari: “Etorkizuneko LEPek ezin dituzte baldintzatu orain sortuko diren lan-poltsak”. Enpresak egin genion eskaera kontuan hartu zuen eta deialdian zerrenden iraupena ez baldintzatzea eta ordezkoen arauditik ere erreferentzia hori kentzea onartu zuen. Hurrengo Mahai Negoziatzailean helaraziko omen digute behin-betiko erabakia. Adi egongo gara.

  • Kudeaketako langileen ordezkapenen proposamena:

Ordezkapenei dagokienez, STEILAS sindikatuak argi ta garbi utzi zion enpresari ordezkapen guztiak lehenengo egunetik bete behar direla. Enpresak, bere aldetik (kudeaketa langileen aldarrikapen hau beharrezko arreta eskaini gabe), lehenengo egunetik ordezkatuko dituen ordezkapen bakarrak, aurretiaz jakinarazitakoak eta hilabete baino gehiago iraungo dutenak izango direla baieztatu zigun. STEILAS sindikatuak erabaki hau ez dugula onartzen esan zion enpresari eta gai honen inguruan aurrerapausu zehatzak eta gardenak eman behar dituela.

Murrizketak ordezkatzerako orduan, berriz, soilik jardun erdikoak edo luzeagoak direnak ordezkatzeko prest egongo litzatekeela azpimarratu zigun. Honen inguruan hainbatetan gure desadostasuna adierazi eta galderak egin genizkionean, departamentu berdinean jardun erdia baino gutxiagoko murrizketa bat baino gehiago pilatzen baldin badira, hauek metatu eta ordezkatuak izango liratekeela esatera heldu zen enpresa (baldin eta jardun erdiraino iritsiko balira).

Zoritxarrez, gai ordenean jasota zeuden ordezkoen araudi eta barne sustapenerako dokumentuen azterketa garatzeko ez genuen denborarik izan. Hala ere, sindikatuoi helarazitako zirriborroak oraindik eskasak direla argi utzi genion. Lan karga eta ordezkapenen gaiari heldu behar dio enpresak behingoz.

Egoera honen aurrean, kudeaketa langileen gehiengoa kalean borrokan egonda, nabarmena da Haurreskolak Partzuergoak eta Eusko Jaurlaritzak oraindik ez dietela erantzun aproposik eman. Hori horrela izan arte, kudeaketa langileekin borrokan jarraituko dugu STEILAS sindikatuan, tinko!

2019-02-07 STEILASBERRI 7 MNren laburpena

2019-02-07T18:40:28+00:002019 otsaila 7 |Steilasberri EAE|

Leave A Comment