Martxoaren 8an Euskal Herriko emakumeak grebara: “Heteropatriarkatu kapitalistari planto”

Martxoaren 8an Euskal Herriko emakumeak grebara deituak izan gara. Aurtengo egun honen lema “Heteropatriarkatu kapitalistari planto” da, STEILAS sindikatuak bat egin du Euskal Herriko mugimendu feministaren deialdiarekin, eta ondorioz ikastetxeetako emakumeak greba egitera gonbidatzen zaituztegu.

Egun hau lantzeko aurten ere STEILASetik unitate didaktiko bat proposatzen dizuegu. Unitatea eskuragarri duzute gure web orrian, hauxe da linka:[KLIK]

Horretaz gain atxikituta bidaltzen dizuegu greba kudeatzeko erabilgarria izango zaizuen euskarri bat baita gure unitatearen kartela ere. STEILASetik, ikastetxeak zaintza eremu bihurtzea proposatzen dugu eta hauek gizonek kudeatu ditzaten Emakumeak kalera atera eta gure aldarrikapenak ozen esateko.
Bide batez zuen herrietan antolatzen ari diren asanbladatan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, informazioa nahi izan ezkero eskuragarri duzute mugimendu feministaren web orrian: https://grebafeminista.wordpress.com/

Informazio txostena

ZERGATIK EGINGO DUGU GREBA FEMINISTA?

Iazko greba feministak arrakasta bildu zuenez, aurtengo martxoaren 8an kaleak hartuko ditugu berriro ere emakumeok*, bollerok eta transok. Mugimendu feministak 24 orduko greba antolatu du, «Bizitzak erdigunera!» lemaren pean. Bistan denez, ez da ohiko greba bat; aitzitik, hauxe erakutsi nahi dugu: emakumeok geratuz gero, mundua geratzen dela.

Horregatik, bizitza ipini dugu erdigunean, bizitzea merezi duen bizitza bat, izan ere, geu arduratzen baikara bizitzari eusteko beharrezkoak diren lan guztiez, modu ikusezinean arduratu ere. Hori dela-eta, zaintza-ardurak birbanatuko dituzten politika publikoak nahi ditugu. Osterantzean, sektore zaurgarrienetako kideek egin behar izaten dituzte halako lanak, eta, ondorioz, berez aski prekarioak diren bizitza horiek are babesgabeago geratzen dira kapitalismo predatzailearen aurrean.

Beraz, mugimendu feministak dei egin digu, ez bakarrik soldatapeko lanei planto egin diezaiegun, baizik eta planto egin dezagun dohainik egiten ditugun beste lan guztietan ere: sexualitatean, kontsumo-ereduan, familia eraikitzeko eran, jakintza sortzeko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun-ereduaren aurrean eta era guztietako menderakuntzen aurrean. Bada garaia bazterretan gaudenok behingoz erdigunean egon gaitezen.

STEILAS-ek bat egin du Euskal Herriko mugimendu feministaren planteamenduarekin, eta, horregatik, tokian tokiko asanbladetan parte hartzen ari gara. Gonbita luzatzen dizuegu emakume* denei, irakasle zein ikasle, asanbladetan parte har dezazuen, eta eskatu nahi dizuegu egun horretan ez ditzazuela curriculumeko edukiak landu. Horren ordez, iruditzen zaigu egokiera aproposa dela, adibidez, ikasle mutilekin honako gai hauek lantzeko: grebaren zergatiak, emakumeen rol subsidiarioa esparru guztietan, izan publiko zein pribatu, eta gizonen eta mutilen pribilegioak. Horretarako, erabilgarria suertatuko zaizue martxoaren 8rako prestatu dugun unitate didaktikoa «Zaintzak plazara, bizitza erdigunean», bertan landu baitugu bizitzaren iraunkortasunaren gaia. [Irakutzen jarraitu]

 

2019-02-15T10:51:41+00:002019 otsaila 13 |Albisteak, Emakumea, Martxoak 8|

Leave A Comment