2018-19 MATRIKULAZIO PROZESUAN ORDIZIAKO HERRIAN IRREGULARTASUNAK EGON DIRELA SALATU NAHI DU STEILASEK

STEILAS sindikatuak Gipuzkoako lurraldean 2018/19 ikasturteko ikasleak onartzeko prozesuan irregulartasunak egon direla salatu eta zera adierazi nahi du:

2018-2019 ikasturteko ikasleak onartzeko prozesuko batzordean honako hau adierazi zitzaigun: “ikastetxe publiko zein itunpeko guztiek agindua eta baremazio irizpideak betetzen dituzte”.
Hezkuntza Sailaren plangintzaren arabera 50 ikaspostu zegozkiola HH3 urteko mailan Ordiziako Jakintza Ikastolari 2018-2019 ikasturterako. Aginduak dio eskaerak ikaspostuak baino gehiago diren kasuetan barematu egin beharko dela.
Jakintza Ikastolak planifikatutakoa baino 11 ikasle gehiagoren eskaera jaso zuen, beraz 1/2018 dekretu eta aginduei jarraituz, 11 hauei bigarren ikastetxe bat esleitu zitzaien, Lazkaoko San Benito Ikastola.
11 ikasle horiek benetan Ordiziako Jakintza ikastolan zeudelaren susmoa genuenez, 2019-2020 ikasturterako ikasleak onartzeko batzorde eraketan, ikasle horiek non zeuden matrikulatuta galdetu genuen eta erantzuna Ordiziako Jakintza Ikastolan izan zen.

Nola liteke San Benito Ikastola esleitu zaien 11 ikasle hauek Ordiziako Jakintza Ikastolan matrikulatuta egotea?

STEILASek salatu nahi du, ikasleen onarpenerako dekretu eta aginduan urraketa bat egon dela eta arauak zorroztasunez beteko balira, ikasle hauek bigarren aukeran egon beharko luketela.

Guzti honen ondorioz, Jakintza Ikastolan 2018/19 ikasturtean egon zen iruzurra tarteko, 2019/20 ikasturterako HH4ko gela berri bat ituntzeko eskaera egin dute eta lurralde batzordeak, behin behinekoz baiezko erantzuna eman die.

Zoritxarrez, itunpeko ikastetxe batzuen artean jokabide hau ohikoa bihurtzen ari da eta administrazioak bide ematen die.

STEILASek Hezkuntza Sailaren politika pribatizatzailea irmoki denuntziatu eta horrelako gertaeren aurrean salaketa publikoa zein judizialak abiatuko dituela jakinarazi nahi du.