Ezin dezakegu ukatu Euskal Eskola Publikoa inflexio puntu batean dagoela eta egun arlo politikoan hartuko diren neurriek gure hezkuntza sistemaren eta gizartearen etorkizuna zehaztuko dutela.

EAE bere 60 urteko langileen gehiengoari erretiroa hartzeko aukera ematen ez dion erkidego bakarra da eta horrek konparaziozko bidegabekeria sortzen du soldata eta lan-baldintza berdinak dituzten pertsonen artean. Errealitate horrek egoera kezkagarri batean kokatzen gaitu: zahartutako langile taldeak, behin-behinekotasun tasa eutsiezina eta gazteak sisteman sartzeko zailtasunak.

Horregatik guztiagatik STEILASek honako proposamena aurkezten dio Hezkuntza Sailari:

1.- Esparru politikoan, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJ eta PSEk, gizarte segurantzan dauden 60 urteko irakasle funtzionarioek borondatezko erretiroa hartzeko beharrezko neurriak negozia ditzatela. Otsailaren 19ko 2/1993 legeak unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoak antolatzea eta arautzea zuen helburu eta langileok erkidegoko administrazioaren kidegoetan integratu zituen. Geroztik, erretiroa hartzeko langileei eskatzen zaizkien baldintzak nabarmen desberdinduz joan dira. EAEko gobernuak arazoa konpontzeko aukera izateaz gain, egoera era egokian bideratzeko ardura ere badu.

2.- Negoziazio kolektiboaren eremuan, bertan baitugu ekintzarako tartea, erretiroa hartzeko kolektibo ezberdinen arteko baldintzak parekatzea exijitzen dugu.
Neurri horrek ezinbestean langile gehiago sartzeko bestelako neurri gehigarriak eskatuko ditu. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzari enplegua mantentzeko eta langile taldeak gaztetzeko plana aurkezteko dei egiten diogu, honako puntuak jaso beharko dituela:

60 urtetik aurrera lanaldiaren murrizketa progresiboa legezko erretiro adinera iritsi arte inongo soldata murrizketarik gabe.
Ratioen jaitsiera, bereziki HBI altuak eta oso altuak dituzten zentroetan.
Zentroetan desagertuz joan diren lanpostuak berreskuratzea: liburutegi arduraduna, kulturarteko dinamizatzaileak, HIPI gehiago, teknologia berriak…
Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko lampostu berrien sorrera: euskara errefortzua, hobetu daitezkeen emaitzak dituzten zentro eta guneetan, bikoizketak egiteko diru-kopuru handiagoa berriztatzearen alde egiten duten zentroentzat, etab.
Pedagogia Terapeutikoko irakasle kopurua eta Aholkulariena handitzea.

Honetaz gain, jakinarazten dugu, 60 urtetik gorako bitarteko irakasleen eskola-ordu murriztearen alde egiteko, STEILASek epaitegietara joko duela beharrezkoa izanez gero.

Edozein kasutan, lanpostuen galera eta prekarizazioaren arrazoi nagusienetako bat hezkuntza sistema publikoaren pribatizazioa dela gogorarazi nahi dugu. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari, itun politika unibertsalekin amaitzeko eta eskola publikoa sistemaren ardatza izan dadin beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatzen diogu.