HEZKUNTZAREN ALDEKO AKORDIOA.
ALDE BAKARREKO AURREAKORDIOA

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 12ko erabakiak dioenaren arabera, Hezkuntza Legearen Aurreproiektuarekin aurrera jarraitzeko kontsulta publiko bat egitea beharrezkoa da. Beraz, administrazioak gogokoa izan edo ez, paperean jasota dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarron iritzi eta parte hartzeak zilegitasuna emango diola prozesuari.

Edonola argi dago oraingoan, berriro ere, parte hartze hau iruzurra izan dela, ez baita benetako hartu-emanik egon ez hezkuntza eragileekin, ezta herritarrokin ere. Harritzekoa da ekarpenak egiteko soilik hilabete bateko epea izan arren, Hezkuntza Sailak honen berri komunikabideetan ez eman izana joan den maiatzaren 19 arte, epea amaitzeko 11 egun besterik ez direnean falta, non eta Bizkaiko Ikastolen Elkarteko jaian, Ibilaldian.

STEILASek salatu nahi du prozesu honen parte hartzea itxurakeria besterik ez dela izan eta hasieratik izan duen gardentasun falta bera sumatzen dugula oraingoan ere. Prozesua abiarazi zen unetik argi utzi digu administrazioak ez duela gure iritzia behar, besteak beste, akordioaren zirriborroa idazteko eragileak deitu beharrean adituak deitu zituenean.

Edonola STEILASetik tinko jarraituko dugu gure iritzia ematen eta jakinarazten hau ez dela gure hezkuntza legea ezta eskola publikoak behar duena ere. Benetako prozesu parte hartzaile baten ondorio eta hezkuntza publikoa ardatz duen proiektu bat behar dugu!!.