Patronalari eta Hezkuntza Sailari arduraz jokatzen hasteko eta gatazkari bide emateko proposamenak egiteko galdegiten diegu, bestela mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez digute utziko

Sektore honetako langileok 10 urte daramagu gure lan hitzarmena berritu gabe, 10 urte soldata izoztuta, gure lan kargak gero eta handiagoak dira, eta jaiotze tasaren jaitsiera medio lanpostu galera garrantzitsu bat aurreikusten da datozen urteetarako. Langile kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), hain zuzen feminizatuenak, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

2017ko azaroan, hamaika negoziazio mahai ondoren, patronalek ez ziguten mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik utzi. Jadanik azken bi ikasturtetan 27 greba egun gauzatzera behartu gaituzte. Horrela, mobilizazio eta grebak indartzen joan garen heinean soilik ikusi ditugu mugimenduak eta aurrerapausoak patronal zein Hezkuntza sailaren proposamenetan.
Sindikatuok borondate osoa daukagu langileen eskaerei erantzun serio bat eman eta gatazka bideratzeko adostasunak erdiesteko. Horrela, adostasun horiek lortzeko, erabateko zintzotasunez makina bat saiakera ari gara egiten: Deitzen gaituzten bilera orotara joaten gara, akordioak lortzeko giltzarriak non dauden zehaztasun osoz adierazten dugu, gure eskaerak erabat neurtuak dira eta malgutasuna erakusten ari gara gure planteamenduetan.

Bide horretan, ordea, langileen eskaerei erantzun eta gatazkari irtenbidea emateko ardura eta aukera dutenak, sektoreko patronalak eta Hezkuntza saila alegia, ez dira dagokien arduraz jokatzen ari.
Hezkuntza sailaren rola izan da bere burua zuritzea, gatazka bideratzeko eskuhartzeren bat izaten ari delako itxura egitea, baina gatazkaren irtenbidean inplikatu gabe. Maiatzaren 8 eta 9ko greben ondoren sindikatuok gaurko egunerako egindako bilera deialdiarekiko izan duen jokaera ikusi besterik ez dago. Bilerari uko egiteaz gain, aurreko egunerako bilera deialdi bat luzatu zigun sindikatuoi; baina bilera horretan gai bakar bati buruz hitzegin nahi izan zuen, gela itxieragatik lanpostua gal dezaketen langileen birkokapenari buruz; haatik, gai honetan ere ez zuen ekarri aurrez egindako planteamenduarekiko aldaketarik (eta honek ez du birkokapena bermatzen). Azkenik, atzoko bileran gatazka bideratzeko planteamendurik ez zegoenez, sindikatuok gaurko bilerara planteamendu egokiekin etortzeko deialdia luzatu badiogu ere, ez da agertu ere egin. Horregatik, sindikatuok beste behin ere eskatzen diogu Hezkuntza sailari langileen eskaerei erantzungo dion gatazkaren irtenbidean inplika dadila.

Patronalek, berriz, behin eta berriro adierazi arren negoziatzeko borondate dutela, borondate hori ez da egin dituen proposamenetan ageri, ez eta izaten ari den jokaeretan ere. Gogoratu behar dugu fede oneko negoziaketa batek eskatzen duen zintzotasuna behin eta berriro hautsi duela; langileen eskaerei erantzun gabe mobilizazioa desaktibatzeko asmo soilarekin, sindikatuon arteko hausturak eta langile zein ordezkarien arteko nahasmena sortzeko saiakera ugari gauzatuz; azkena maiatzak 8 eta 9ko greben bezperetan. Baita, aldebiko bileretan adostasunak erdiestea ahalbideratu zezaketen planteamenduak egitera iritsi den arren, ondoren atzera bota dituela ere.

Sindikatuok deitutako bilerara etortzeko erabakia hartu dute patronalek eta negoziatzeko borondatea dutela adierazi. Ez dute, ordea, langileen eskaerei erantzuten dion proposamen zein planteamendurik ekarri, maiatzeko greben aurretik ezagunak zen proposamen berdintsua ekarriz. Beraz, beste behin ere eskatzen diegu negoziatzeko borondate hori langileen eskaerei erantzungo dioten proposamen eta planteamendu konkretuetan zehaztu dezatela hurrengo bilerara begira, hain zuzen ere pasa den martxoan sindikatuok helarazitako adostasuetarako giltzarrien dokumentuan jasotako ildotik. Horrela izan ezean, mobilizazio eta grebekin jarraitu beste biderik ez baitigute utziko.

Euskal Herria, 2019ko maiatzaren 30a