Maiatzaren 29an Lakuan izan genuen Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailean Kudeaketa langileen hiru dokumentu landu genituen.

Hasteko, Kudeaketa langileen ordezkapen egoeren dokumentua izan genuen hizpide. Bertan, zehaztapen batzuk egin genituen, hala nola: bajaren konfirmazio agiria jaso eta 7. egunean langilea ordezkatua izango dela eta jardun murrizketak herenetik aurrera ordezkatuko direla. Izan ere, Enpresak aurrez emandako dokumentuan idatzita zegoen bezala, irizpide hauek ez zuten garbi jasotzen adostutakoa.

Ordezkapen egoeren dokumentua lantzen geundela, LAB sindikatuak oporrak abuztuan hartzen ez duen Kudeaketa langilea ere ordezkatzea eskatu zuen. Eskaera hau STEILAS sindikatuak aspaldi egin zuen, baina ezezko borobila jaso genuen. Orain, berriz, aztertuko dutela dio Enpresak. Jokabide honekin, garbi gelditzen da Enpresak ez dituela sindikatu guztiak berdin tratatzen, eta hau ezin dugu gehiago onartu.

Barne sustapenari dagokionean honako ekarpen hauek egin genituen:

Barne sustapenean parte hartzea Kudeaketa langileei mugatzea ez dugu garbi ikusten. Lanpostu batzuetarako hezitzaileek ere esperientzia eta ikasketak badituzte; adibidez, Berdintasun teknikaria, Euskara teknikaria edota Formazio Zerbitzuan aritzeko. Enpresak gaia aztertzeko konpromisoa hartu zuen.

Honetaz gain, lan esperientziaren inguruan ere uste dugu puntuazioak ez direla proportzionalak. Izan ere, barne sustapenean hautatzen duzun lanpostuan izandako esperientziak gutxiago puntuatzen du beste edozein zerbitzutan arduradun gisa izan duzunak baino. Era berean, elkarrizketa pertsonalak 5 puntu baloratzeko aukera jasotzen duen puntua salatu genuen. Hau guztiz subjektiboa den puntua da. Ez zen ezer gehiago agertzen puntu honen inguruan, eta guk kentzea eskatu dugu. Barne sustapenak ahalik eta prozesu gardenena behar du izan, eta elkarrizketa pertsonalak oso subjektiboak izan daitezke.

Kudeaketa langileen Ordezkoen Araudiari dagokionean, forma zuzenketa batzuk proposatu genizkion Enpresari. Izan ere, orain dagoen moduan, gaizki-ulertuak eman daitezke. Bestalde, 3.1. atalean beste figura bat sortu behar da: Erdi Mailako Teknikariarena. Gainera, hezitzaileek dituzten neurri onuragarriak eta, 50 km baino urrunago biziz gero, jardun murriztu guztiei uko egiteko aukera jartzeko ere eskatu genuen.

Hau guztiaz gain, Gerenteak Langileen Balorazio Batzordeak (LBB) egindako lanaren aurkezpena egin zigun. Bertan, 6 pertsona aritu dira lanean: enpresaren aldetik hiru (Gerentea eta Eusko Jaurlaritzako bi ordezkari), eta sindikatu bakoitzeko ordezkari bana. 6 saiotan burutu dute lana, eta Eusko Jaurlaritzako monografietan oinarritu dira. Ondorioz, Haurreskolak Partzuergoko Kudeaketa langileen lanpostuen ezaugarriak barnebiltzen dituzten 21 monografia sortu ditugu.

Orain, sindikatu bakoitzak ekarpenak egingo dizkio burututako lan horri. Hauek LBBaren ekainaren 13ko bileran aztertuko dira. Ondoren, ekainaren 18an, Gerenteak Kudeaketa langileei aurkeztuko dizkizue dokumentuak, eta ekarpenak egiteko aukera izango duzue.

Bukatzeko, Kudeaketa langileen inguruko EPEaren zirriborra ere ahalik eta azkarren egitea eskatu genion Enpresari. Izan ere, hori adosteak lan asko suposatuko du, eta honen gainean ahalik eta azkarren lan egiten hasi nahiko genuke.

Kudeaketa langileen prozesuetan gardentasuna ziurtatzen jarraituko dugu, tinko!

Euskal Herrian, 2019k ekainaren 3an.

2019-06-03 STEILASBERRI 13