Maiatzaren 29an Lakuan egindako Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailean landutako gaien laburpena helarazi nahi dizuegu dokumentu honen bitartez:

  • Kudeaketako langileei dagokionez:

Langile kolektibo honi eragiten dizkieten araudiak lantzen aritu ginen (Ordezkoen Araudia, Ordezkapenak gauzatzeko prozedura…). Honetaz gain, Lanpostuen Balorazio Batzordeak (LBB) azken hilabeteetan burutu duen lanaren aurkezpena egin zigun Maite Larrañagak (STEILASberri 13).

  • Hezitzaile kolektiboari dagokionez:

Enpresak eta LABek 2018an sinatu zuten akordioaren Jarraipen Batzordetik Ordezkoen Araudia aldaketa batzuk txertatzeko proposamena eraman zuten Mahai Negoziatzailera: “Beste Administrazio Publiko batera lanera joateko indarrean dagoen kontratua bertan behera utzi ahal izatea, inongo zigorrik jaso gabe.”

STEILASentzat berria ez den proposamena da hau. Izan ere, aspalditik aldarrikatzen ari garen eskaera bat da. Azkena, iazko mobilizazioen negoziaketen baitan, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile kolektiboan aurreikusten genituen mugimenduak babesteko. Orduan ez bazen posible izan aldagai hau txertatzea, zergatik orain bai?

Berriro ere, Enpresaren jokaera eta gardentasun eza salatu nahi dugu. Aldez aurretik eskatutako informazioa ez ziguten bidali, eta bileran aurkezten dizkiguten dokumentuak landu gabe momentuan bertan tratatzea espero dute, inongo lotsarik gabe.

Hezitzaileen Ordezkoen Araudia eguneratzeko momentua bada, iaz aintzat hartu ez zituzten STEILASen eskaerak txertatzea eskatuko dugu berriz. Izan ere, agerian geratzen da, beste behin, iaz sinatutako akordioak ez zituela nahikoa asetzen eta babesten Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileon beharrak eta eskubideak.

  • Borondatezko Eszedentzia (47.artikulua):

Enpresak, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoekin egiaztatu eta gero, berriz esan digu LEP arteko kontratua dugun hezitzaileoi ezin digutela lanpostuen erreserba egin. Enpresak gai honen lanketa epe luzerako aurreikusten du, Lan Hitzarmena aldatzea suposatzen duela argudiatzen baitu.

STEILAS sindikatuak ez du amore emango, eta gaia lantzen jarraituko du, orain arte bezala. Enpresak langileei eszedentzia hau ukatzen digun bakoitzean, Lan Hitzarmena urratzen ari da, eta prozesua luzatzen jarraitzen duen bitartean, eskubideak zapaldu besterik ez du egiten. Gai honi konponbidea bilatu beharrean, nahiago du LEP arteko kontratuen apurketa Ordezkoen Araudiaren bitartez erraztea eta arautzea. 3 ikasturte daramatzagu gai honekin, eta izugarrizko frustrazioa eragiten digu dinamika honek, lotsagarria da!

  • Langileen ordutegiak kontrolatzeko proposamena:

Madrilgo Gobernuak langile laboralen fitxatzea arautu du. Beraz, Haurreskolak Partzuergoko langile guztiak fitxatzera behartuta gaude, eta Enpresak hezitzaileentzat txantiloi bat aurkeztu digu. Sindikatuok Hezkuntza Saileko langile laboralei jarriko zaien sistema gurera egokitzea eskatu diogu, eta esparru honetan gu proba bezala ez erabiltzea. Momentuz, legeen oinarrizko eskakizunak jada bete ditugu. Bestalde, Kudeaketa langileak momentu honetan duten fitxaje sistema propioarekin jarraituko dute.

  • Norberak lekarkeenari dagokionez:

STEILAS sindikatuak berriz eskatu die Enpresari eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariari Haurreskolak Partzuergoko etorkizuna bermatuko duten ezinbesteko gaiak lantzen hastea: Hezitzaileen oposaketa eta Haurreskolak Partzuergoaren doakotasunaren bidean aurrerapauso gehiago ematea.

Bukatzeko, hausnarketa orokorra egin nahi dugu, asteazkeneko bileran bizi izan genuenaren harira. Argi dugu Haurreskolak Partzuergoko negoziazio bideak ez direla batere emankorrak, azken ikasturteetan agerian geratu den bezala. Enpresaren jarrera akordioetara ailegatzeko ez da batere eraginkorra, eta gai guztiei garrantzia berdina ematen die. Gainera, metodologia ez da inondik inora egokia, eta honek guztia izugarri luzatzen du.

Hilabeteak eta ikasturteak galtzen ditugu beste modu batean landu beharko ziren berebiziko gaiak lantzen, eta Enpresak gaiak eta denborak bere onerako manipulatu besterik ez ditu egiten. Beharrezkoa da Mahai Negoziatzaileen dinamika aldatzea.

Asteazkenean bertatik bertara Enpresari aurpegiratu geniona berretsi nahi dugu idatzi honen bitartez. Ez diogu Enpresari gehiago onartuko sindikatuen artean inongo lotsarik gabe egiten dituen ezberdintasunak egitea. Banan-banan, guztiak salatuko ditugu behar den tokian. Langileen alde guztiok ari gara gogor lanean, eta adar jotzerik eta faborezko traturik ezin diogu inori onartu, berdintasun printzipioa urratzen baitituzte.

Euskal Herrian, 2019k ekainaren 3an.

2019-06-03 STEILASBERRI 14