Azken egunetan akats ugari egon dira Ordezkagunearen bidez egin diren esleipenetan (lanpostuak ez agertzea, lanaldiak gaizki azaltzea, agertu direnak ez existitzea…). STEILASek akats hauen berri jakin bezain laster administrazioari helarazi dizkio eta konponbidea lehenbailehen aurkitzea exijitu dio.

Hainbat kasutan kaltetuak izan diren langileei uko egiteko aukera eman zaie. Hala ere, izandako akatsengatik kaltetutako langileei erreklamazioa jartzea gomendatzen diegu langileen kudeaketa zerbitzuan. Bitartean administrazioari ahal den azkarren sistemak hobekien funtzionatzeko urratsak eman ditzala exijitzen jarraituko dugu, baita langileei sortutatuko kalteak lehenbailehen erreparatzea ere.

Bestalde, dekretua argitaratu gabe sistema berri hau martxan jarri izana salatu nahi dugu.  Araudi argirik gabeko sistema berri  honek ez du langileen eskubideak bermatzeko aukerarik ematen; alde batetik, langileei prozesuaren baldintzak ez dizkietelako ezagutarazten eta, bestetik, sisteman ematen diren akatsak konpontzeko araudia ere zehaztu gabe dagoelako.

 

Administrazioak ematen duen zerbitzua hobetu dezan exijitzen dugu. Abuztutik hona langileek Lurralde Ordezkaritzetara deitzen jardun arren, gehienetan telefono deirik ez dute hartzen edota  erantzun eta argibide gutxiegi ematen diztuzte. Ordezkagunean izandako arazoak ere ulergaitzak dira, maiatzetik hona sistema hobetzeko denbora nahikoa izan dutelako. Bistakoa da administrazioko langileak lanez lepo daudela, eta beste behin ere, administrazioan baliabide gehiago jartzea exijitzen dugu.

 

HEZKUNTZA PUBLIKOAK

EZ DU HORRELAKO

JARDUNBIDERIK MEREZI!

KONPONBIDEA ORAIN!