ESK eta STEILAS sindikatuok grebarako deialdia erregistratu dugu Euskal Herriko lantokiei babes legala emateko.

Ekoizpen- eta kontsumo-eredu hegemonikoen ondoriozko krisi ekosozialak eta klimatikoak, zeina erregai fosilen eta kontsumo globalizatuaren erabileran oinarritzen den, arriskuan jartzen du planetako bizitza. Egoera larriaren aurrean, hainbat hiri eta herrik Klimaren aldeko Munduko Grebarekin lotutako ekitaldiak antolatuko dituzte datorren irailaren 27an. Fridays for Future mugimenduak egin du grebarako deia. Data hori NBEren 2019rako Ekintza Klimatikoen markoan kokatzen da, baita mundu-mailan irailaren 20tik 27ra egingo diren mobilizazioetan ere.

Deialdian 300 erakunde baino gehiago bildu dira, eta manifestu bat sinatu dute etorkizuna, planeta bizia eta mundu justua babesteko. Erakunde horiek eskatu dute berehala deklaratu dadila larrialdi klimatikoa, eta neurriak har daitezela berotegiefektuko gasak erabat murrizteko. Horrez gain, eredu sozioekologiko berri bat ere eskatu dute, bizitzaren biziraupena arriskuan jarriko ez duena.

ESK eta STEILAK sindikatuok greba hau deitzera eraman duten arrazoiekin bat gatoz. Bi sindikatuok greba deialdia lantokietara zabaltzeko babes legala emateko aukera eskaini genuen. Klimaren aldeko mundu-greba antolatzen dutenen akordioaren ondoren, ESK eta STEILAS sindikatuok greba deialdia erregistratu dugu irailaren 27rako Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Ikasle-, kontsumo- eta lan-greba da, eta azken hilabeteetan mobilizazio hauen buru izan diren ekologisten eta ikasleen erakundeek daukate protagonismoa. Greba orokorrerako deialdiak eta egingo diren mobilizazioei emandako babesak deialdia lanmundura zabaltzea bilatzen du.

Klimaren aldeko mundu-greba guztiz beharrezkotzat jotzen dugu, eta bereziki pozten gaitu gazteak izatea etorkizun hobea defendatzera atera direnak. Instituzio publikoak momentuak eskatzen duen mailara egon behar dira. Horregatik, gai hauetan konpromiso osoa exijitzen diegu:

  • Egia. Egoeraren larritasuna onartzea, eta komunitate zientifikoaren diagnostikoa eta aholkuak bere gain hartzea.
  • Ekintza. Naturarekiko kontsumo-ohitura arduratsuak eta errespetuzkoak lortzeko neurri zehatzak hartzea, erregai fosilak alboratuz, mugitzeko beharra murriztuz, etab.
  • Elkartasuna. Langile kaltetuei sektore jasangarrietan lanpostuak ziurtatzea, krisi energetikoari aurre egitea, lanaldia murriztea eta enplegua hobeto banatzea.
  • Trantsizio ekologikoa justizia sozialetik egin behar da, inor atzean utzi gabe.
  • Demokrazia. Trantsizioa era justuan, demokratikoan eta jasangarrian egitea.

ESK eta STEILAS sindikatuok apustu argia egiten dugu bizitzaren zentralitatean, beharrezko trantsizio ekosozialistan eta feminismoan oinarritzen den sindikalgintza aurrera eramateko.

Etorkizunaren, planeta bizi eta mundu justu baten defentsan, klimaren aldeko mundugrebarekin bat egiten dugu eta gure afiliatuak, herritarrak eta beste eragile sozial eta sindikalak irailaren 27ko ikasle-, kontsumo- eta lan-grebarekin eta egingo diren mobilizazioekin bat egitera gonbidatzen ditugu.

Trantsizio ekologiko justu baten alde, kapitalak ordain dezala.
Aldaketarako garaia da, eredua alda dezagun, ez klima.