SKOLAE manifestua

BERDINTASUNAREN ALDEKO ADIERAZPENA

Gaur hemen gauden sindikatuok SKOLAE programarekin eta aurrera eraman duten profesionalekin dugun erabateko konpromezua adierazi nahi dugu.

Norberaren askatasuna lantzen duen programa, sentitzeko moduan, bizitzeko moduan eta harremantzeko moduan ahalduntzen gaituena.

Aniztasuna altxor moduan biziko duen gizartea irudikatzen duen programa.

Gizaki guztion eskubide berdintasuna egi bihurtu dadin lan egiten duen programa.

Egungo egoerak argi uzten digu gizarte heteropatriarkal eta androzentriko zaharkitu honek biolentziaren kultura bultzatzen duela eta, horrez gain, boterean oinarritutako harreman sistema zurrun eta estua bultzatzen duela, maskulinitate-feminitate eredu zaharrak eta zabarrak zimelduta.

Baditugu derrigorrez bete beharreko legeak: Hezkuntzaren LOE 2/2006 legea, Gizonezkoen eta Emakumezkoen berdintasunerako LO 3/2007 legea, Genero-indarkeriaren prebentziorako LO1/2004 legea, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako 8/2017 Foru Legea eta gaur egungo 17/2019 Foru Legea, emakume eta gizonen berdintasunerako legea; araubide horiek guztiek argi eta garbi erakusten digute ezinbestekoa dela ikastetxeetan bultzatzea eta lantzea berdintasunaren aldeko heziketa -aurre eginez desberdintasunari, genero-rolei, adierazpen sexistei-; erakusten digute heziketak desagerraraziko dituela biolentzia, bazterkeria eta bereizkeria, datozen lekutik datozela.

SKOLAE programa saritua izan da, hain zuzen ere Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea (Unesco) Nesken eta Emakumeen Hezkuntzarako Nazioarteko Sariarekin.

Programa hau egoki doituta dago egungo lege-markoan eta bizitzako lehen etapetatik ezartzen ditu ezagutzaren, askatasunaren eta etorkizuna generoak baldintzatu gabe erakitzeko gaitasunaren oinarriak; hala, desberdintasunak ezagutzen ikasten da, horiei kontra egiten eta baita berdintasunerako eskubidea erabiltzen ere bizitzaren eremu guztietan: eremu kulturalean, erlijioan, klase sozialetan, aniztasun funtzionaletan, orientazioan, identitatean eta genero-adierazpenetan.

SKOLAEk proposatzen duena honakoa da: neska-mutikoek jasotzen dituzten eredu eta mezuak heziketatik abiatuta berdintzea; umeek, modu horretan, berdintasunean hazi eta harremanak izaten ikasiko dute, biolentziarik gabe eta bizitzarako aukera guztiak aintzat hartuta.

Administrazioei eskatzen diegu ikastetxeetan aniztasunaren aldeko protokoloak berehala ezartzeko, sexismoa deuseztatzeko legeak inplementatzeko, testuinguru hezitzaileetan errealitate guztien ikusgarritasuna bermatzeko eta aniztasunera joko duen heziketa berdinzalea bultzatzeko. Lehentasunezkoa da irakasleek eta gainerako langileek formazioa jasotzea LGTBI+ gaietan, lehentasunezkoa da proposamen kurrikularrak izatea berdintasunean hezteko, sexismoa eta matxismoa ahulduko duten proposamenak eta hezkidetzari duen garrantzia emanen dioten proposamenak.

Kezkatuta gaude, epaitegietatik jasotzen ari den jazarpenazgain, azken aldian hartu diren zenbait erabaki politikok zeharo baldintzatu dezaketelako SKOLAE ikasgeletara egoki iristea. Adibide argi bat da, Hezkuntza Departamentuko Berdintasun saileko burua, Pilar Mayo, kargugabetu izana. Horregatik, erakunde honi SKOLAE programa bere osotasunean ezartzen dela bermatu dezala eskatzen diogu, edukian eta prozesuan inolako mugarik jasan behar izan gabe.

Hemen gauden sindikatuok Hezkuntzako Mahai sektorialaren %62a eta sare kontzertatuko sindikatuen %60a ordezkatzen dugu eta baita Nafarroako sindikalismoaren gehiengo zabala ere; gaur, SKOLAE proiektua garatzen ari diren lankideen kontrako jazarpena gelditzea esijitzen dugu, beren lana zehaztasunez eta profesionaltasunez egiten ari baitira. Salatzeko modukoa eta lotsagarria da hezkuntza arloko 10 langilek deklaratu behar izatea berdintasuna, aniztasuna eta askatasuna defendatzeagatik, emakumeen kontrako bortizkeria deuseztatzen saiatzeagatik. Hurrengo Gobernuari ere esijitzen diogu SKOLAE programari eusteko ikastetxe publiko eta kontzertatu guztietan.

Gure gizarteko alderdi atzerakoien jarrera intoleranteen aurrean, hemen gauden sindikatuok bat eginda erantzunen dugu; ez dugu onartuko heziketaren, berdintasunaren edota justizia sozialaren kontrako erasorik.

Anitza izatea eta ikastetxeetan gisa horretan bizitzeko aukera izatea ez da huskeria. Aitzitik, giza eskubideetan aurrera egitea da; hezkuntza gizartearen eraldaketa prozesuaren erdigunean kokatzea da; hezkuntza berdintasun legala eta soziala lortzeko bidean kokatzea da. Beraz, berdintasuna ez da aukerakoa, beharrezkoa baizik; inoiz baino beharrezkoagoa, gainera.

CCOO, CGT, ELA, ESK, LAB, STEILAS eta UGT

Iruñan, 2019ko urriaren 9an