Eilastasuna hezkuntza elkartasun funtsak 25 urte bete dituen honetan, hamar herrialdetan hogei proiektu baino gehiago bultzatu eta garatu ondotik, funtzionamendua eta proiektuak berritzera goaz.

Azaroaren 12ko ezohiko Eilastasuna asanbladan, fondoaren kudeaketa berritzeari dagokionez, aho batez zenbait erabaki hartu genituen. Hausnarketa prozesuak ikasturte osoa iraun du, baina gaur da eguna lanketa horren fruituak ikusteak poz handia eman digula.

Adostutako funtzionamendu dokumentazioa

Proiektuokin dugun harremana zuzena da, bitartekaririk gabea, eta erabakiak kide guztiei irekia den urteroko asanbladan hartzen dira. Funtsa kide garenon aportazioaz gain STEILAS sindikatuaren diru sarreren %1az hornitzen da.

Eilastasuna STEILAS sindikatuaren izate internazionalistaren zutabe garrantzitsua da. Herrialde txirotuek pairatzen duten hezkuntzarako aukerarik eza areagotzen doan bitartean, gure elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa da. Hezkuntza oinarrizko eskubidea da, eta munduan milioika ume eta gazte ezin dira baldintza duinetan heziak izan.

Beren komunitateetan hezkuntzaren bidez transformatzaile eta hezkidetzaile izan diren proposamenak aurrera eraman dira El Salvadorren, Guatemalan, Ekuadorren, Saharan, Palestinan, Txiapasen, Maputxe herrian, Nepalen, Ugandan ala Perun. Antolaketa kolektiboa, ahalduntzea, eta orohar, hezkuntzaren bitartez, munduan zehar botereak ekonomikoki baztertuak dituen komunitateetan joan eta etorriko elkarlaguntza sustatzea dugu xede.

Bide berean, Euskal Herriko ikastetxeetan munduko herritarren arteko elkartasuna landu eta gure ikasleengan internazionalismoa sustatzea helburu dugu, honela soilik izango baita elkartasuna hitza joan eta etorrikoa, eta han zein hemen eragitea lortuko baitugu.

Eilastasuna funtserako proiektu berriak proposatzeko epea irekia izango da azaroaren 25etik urtarrilaren 6ra bitarte, aurkeztu zurea galdetegi hau betez! labur.eus/EilastasunaProiektuak
(Funtsaren kide urtebete baino gehiagoz zaretenok aurkez dezakezue).

Momentu honetan esku artean proiekturik ez baina helburu hauekin bat egiten baduzu, izan zaitez Eilastasunkide hilabetean 5ÔéČren truke! (egoitzetako batera deituz)

Elkartasun internazionalistan tinko!