Bi legealdi oso-osorik egingo ditu EAJ-PNVek Hezkuntza Saila gidatzen, bitartean hezkuntza publikoko irakasleek lan akordiorik gabe inoiz izandako eperik luzeena bizi dute, indarrean dirauen lan akordioa 2012an iraungi baitzen. 2018ko adostasunak hainbat murrizketa, garrantzitsuenak, bertan-behera geratzeko balio izan zuen, baita ikastetxe askotan baliabide gehiago izateko ere. Baina, batez ere, epe laburrean akordio global bat gauzatzeko konpromisoa hartu genuen sinatzaileok. EAJak, ordea, garrantzi handiko gaiak negoziazio esparrutik kanpo uztea erabaki du, eta egun, aurreakordoia sinatu eta bi urte betetzera doazenean, lan akordio berri bat adosteko aukera urruntzen ari da.

Horregatik, Hezkuntza Sailari Mahai Sektorialean ondorengo gaien inguruko negoziazioa ireki dezala eskatzen diogu:

  • 60 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea izatea, funtzionarioek zein bitartekoek.
  • Ikasgela bakoitzeko ikasleen ratioa jaistea.
  • Baliabide pertsonalak ikastetxeetan gehitzea: Premia plana/IKT, EGA/AKA, euskara indartzeko irakasleak, kontsultore-aholkulariak, psikologoak, liburutegien arreta…
  • Ordezko langileen kontsolidazioa.
  • Oposizio-eredu berri bat negoziatzea.
  • Erosahalmena berreskuratzea.
  • Pribatizazio dinamikak berehala etetea ezinbestekoa baita enplegu publikoa mantentzeko.

2018ko maiatzean akordioa lortu eta konfrontazio dinamika eten genuenean, STEILAS sindikatuak mobilizazioak berreskuratzeko konpromiso irmoa adierazi zuen aurreakordioa bete ezean. Beraz, Hezkuntza Sailari bere hitza bete dezala eskatzen diogu. Bide batez, sindikatuak behin-betiko akordio bat lortzeko prestutasun osoa adierazi nahi du, berriro ere.