ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta Etxaldek ekimen bateratua egin dute gaur, Zaldibarreko Verter Recycling enpresan izandako istriputik bi astera. Sindikatu bakoitzak kontzentrazioak egingo ditu Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta eskualde-buruetako egoitzen aurrean, guztira 30 deialditik gora izan direlarik.
Gertatutakoa argitzeko eskatu dute sindikatuek “ZaldibarArgitu. 2 aste desagertuta. 11+2. Prekarietatea hiltzailea” lemapean egin dituzten kontzentrazioetan. Mobilizazioek 13 minututako iraupena izan dute, minutu bana otsailaren 6tik hona pasatu den egun bakoitzeko, egun horretatik baitaude desagertuta bi langile, Joaquin eta Alberto.
Sindikatuek lanetik etxera osasunez eta bizirik bueltatzeko eskubidea aldarrikatu dute, prekarietateak gaixotu eta hil egiten duela salatu eta urte hasieratik Hego Euskal Herrian hil diren 11 langileak eta desagertuta dauden biak oroituz. Honekin lotuta, desagertutakoen bilaketa lanari lehentasuna ematea exijitu eta euren senideei elkartasuna adierazi diete.
Orain bi aste Zaldibarko zabortegiaren luiziak Joaquín eta Alberto harrapatu zituen. Gehiengo Sindikaleko kideon ustez bi langileen bilaketa lanek lehentasuna izan behar lukete Eusko Jaurlaritzarentzat, baina 14 egun hauetan ez dugu halakorik ikusi.
Sindikatuon ustez, zaborren kudeaketa ekonomizistak eragin du luizia. Oinarrizko azpiegitura publikoa izan behar lukeen zabortegia diru-irabaziaren logikan kudeatu da eta, horrez gain, administrazio publikoak ez du kontrol publiko eraginkorrik egin. Prekaritatearen eta lan-istripuen atzean logika neoliberal hau errepikatzen da behin eta berriro.
Luiziaren ondoren ere autopista irekitzea izan da Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna, zabortegian erreskate lanetan ari ziren langileen osasun eta segurtasunaren gainetik. Ingurumen Sailak herritarrei osasun-gomendioak egin dizkie airearen kalitate eskasaren ondorioz, baina ez da halakorik izan zabortegiaren inguruko herrietan lanean ari diren pertsonentzat; ordu eta erdiz eliteko kirolariek ezin dute lanik egin, baina bi aste hauetan langile arruntek lan fisikoak egin ditzakete Eusko Jaurlaritzaren inongo gomendiorik jaso gabe.
Sindikatuon ustez, krisi honetan langileen osasuna ez da lehentasuna izan, ezta Joaquín eta Albertoren bilaketa ere.
Leave A Comment