STEILASen feminismoa betidanik erdiguneko gaia izan da. Gure sektorea, irakaskuntza, emakume borrokalarien sektorea izan baita tradizioz. Horregatik gure sindikatuaren sorreratik Emakume Idazkaritza izan dugu, mugimendu feministatik bertatik sortu zena. Hori dela eta, berdintasunaren aldeko borrokan eta gure ikastetxeetan hezkidetza sustatzearren lan egin dugu tinko. Feminista askoren lanari esker ezinbesteko aurrerapausoak eman ditugu eta gaur egun feminismoa agenda politikoan txertatzea lortu dugu. Ibilbide guzti horri aitortza egiteko garaia iritsi da, eta Emakume
Idazkaritza izatetik, Idazkaritza Feminista izatera igaro garela jakinarazi nahi dizuegu. Batetik, feministok esan ohi dugun bezala «izendatzen ez dena ez delako existitzen» eta bestetik orain dela 40 urte satanizatuta zegoen feminismo hitza gaur egun ozen esan dezakegulako. Izen berri horrek erronka berri bat ere barnebiltzen du, pedagogia feministaren erronka alegia. Gure feminismoak dagoeneko ez duelako soilik emakume txuri heterosexualen eskubideengatik borrokatzen; aitzitik zabala eta anitza da eta patriarkatuaren arauetatik at dauden gorputzentzako borroka eremu bat da. Ikastetxeko arrakala erdigunera ekartzea da gure xedea, ardatza normaltasunetik mugitzea denak askeago izan gaitezen.
Azken urteotan hezkidetzaren inguruko material ugari argitaratu dugu, beraz aurten, Euskal Herriko Mugimenduaren deiari erantzunez, beste maila batera eraman nahi dugu gure borroka eta eskoletako proiektu feministen sare bat sortu nahi dugu, ikastetxeetan izandako esperientziak elkarbanatzeko. Izaera anitzeko proiektuak izan dira: eguneroko ekintza txikiak, eskolako jolastokia, eskolako jarduerak… poliki-poliki berriro hausnartuz eta aldatuz joan direnak. Administrazioek egiten duten «zuriketa morea» berriro zokoratu, eta egunerokoan feminismoa lantzen duten hezitzaile eta irakasleak balioan jarri behar ditugu.
Honenbestez, eskerrak eman nahi dizkizuegu, ekintza txikien bitartez feminismoa landu eta konpromiso handiarekin, ekintza horiek proiektu interesgarri eta eraldatzaile bihurtu dituzuen lankideei.
Leave A Comment