Haur Hezkuntzako Lehenengo Zikloa (0-3 urte) publikoa eta kudeaketa publikokoa izateko eskatu dugu 2001. urtetik. Transiziorako aukera ezberdinak planteatu ditugu, eta ekarpenak mahai gainean jarri. Ez digute kasurik egin.

Jarraituko dugu, memoria egiteko asmoz; klase politikoak zaintzak merkantilizatu ditu egituratzen gaituen gizarte patriarkal kapitalista eta zuri honetan. Arduradun politikoek ireki dituzte ateak 70 Haur Eskola Publiko pribatizatzeko.

Zerbitzuak zuzenean kudeatu beharrean, pribatizatu egin dira azpikontratazioaren bitartez, bertako langileak, emakumeak gehienetan, baldintza prekarioetan utzita.

Orain, koronabirusa dela-eta herritarrok bizi dugun kenka larrian, gure aurpegira zipriztinduta itzultzen zaigu. Agerian gelditu da gizartea ez dagoela oinarritua pertsonen beharretan; horren adibiderik suntsitzaileena Haur Hezkuntzako Lehenengo Zikloaren kudeaketa da.

0-3a Hezkuntza Sistemaren ziklorik zaurgarriena da; gaur kaleratze mehatxu handienari egin behar dio aurre, zikloaren pribatizazioaren ondoren. Salbuespen egoera honetan, 0-3ko profesionalek ez dugu gainontzeko hezkuntza etapetako langileen kontsiderazio bera.

Jarraibide argiak, zehatzak eta adostuak exijitzen dizkiegu Hezkuntza Departamentuari eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioari.

Ondoko hauek bermatzeko neurriak exijitzen ditugu:

– Udalen eta Hezkuntza Departamentuaren finantzaketa.

– Langile guztien lanpostuei irmo eustea.

– Salbuespen egoera hau kontuan harturik, lan egiteko modu ezberdinak onartzea.

Adibidez, hurrengo proposamena (astelehenean bidali zitzaien organo erabakitzaileei):

1.- Familia bakoitzak egunero mezu bat jaso dezala errekurtso proposamen edo ekintza batekin, alarma egoerak irauten duen bitartean.

Bakartze egoeran, familia-bizitza antolatzeko baliabideak, adin txikiko haurren beharrei erantzunez. Egunero bere adin tarteko taldeari proposamen egokituak eginen zaizkio.

2.- Berariazko Hezkuntza Premiak dituzten haurrak beraien egoerari egokitutako neurriak jasoko dituzte egunero.

3.- Aurrean aipatutakoaz gain, familien egoera sozio-ekonomikoa dela-eta zaurgarritasun egoeran daudenean, bakarkako jarraipena eginen zaie oinarrizko beharrak ziurtatzeko: pixoihalak, elikagaiak, esnea…

4.- Hezitzaileei proposatuko zaie tutore bakoitzak egunero disponibilitate ordu bat jartzea “bere haurren familiek”“ zalantzak eta arazoak kontsultatu ahal izateko.

Egoera berezietan dauden familientzat ekimenak eginen dira. Eskola bakoitzak zerrendatuko ditu eta haien jarraipena antolatuko du.

5.- Eskolaren talde pedagogikoa:

Bilera telematikoak:

Laguntza eta koordinazio pedagogikoa.

Gelako proiektuen eta Hezkuntza Proiektuaren gaurkotzea.

Prestakuntza egitea eta bibliogafia gomendatzea.

Eskolako dokumentuak berrikustea eta gaurkotzea.

Haurrei buruzko txostenak egitea.

6.- Modu presentzialean eta segurtasuna bermatuz garbiketa eta antolaketa lanak egitea, txanda mugatuak antolatuz.

Hezkuntza Departamentuaren utzikeria salatu eta gure haserrea adierazten ditugu, halaber, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak eman dituen jarraibide lausoei dagokienez. Horietan Udalei adierazten zaie zer-nolako pausoak eman behar dituzten zerbitzua eteteko.

Momentu honetan, eskola bakoitza bere Udalarekin, bakarka, saiatzen ari da kontratuei eusten. Politikarien kudeaketa negargarriaren ondorio da hori, informazio eta jarrraibide gabeziagatik eta Hezkuntza Departamentuaren isiltasunagatik.

Orain, inoiz baino gehiago, 0-3 publiko eta kudeaketa publikokoa behar dugu, gaur egun duen hezkuntza izaera ahula eta kudeaketa prekario behin behinekoa ekiditeko.

Kudeaketa egitura hau lehertu da bizi dugun muturreko egoera honetara iritsi garenean. Osasun alarma bat, zeinak agerian utzi dituen kapitalismoan eta neoliberalismoan oinarritutako antolaketa politikoak, ekonomikoak eta sozialak dituen ondorio larriak.

STEILASen Iritzi artikulua 0-3 PRIBATIZAZIOAREN ONDORIO LARRIAK AGERIAN UTZI DITU KORONABIRUSAK