ETBek koronabirusak hezkuntzan duen eragina jorratzeko modua salatu nahi du STEILASek .

Ikastetxe pribatuen errealitatea jaso du soilik, ikastetxe publikoetako errealitateak baztertuz.

Azken bi asteetan telebista publikoak bere albistegietan Koronabirusak ikastetxeen egunerokoan izan duen eragina azaltzeko ikastetxe pribatuen errealitatea jaso du soilik. Martxoaren 9an Gasteizeko bi ikastetxe itunduren testigantza izan zen. Gaur, martxoak 22, Donostiako beste bi ikastetxeren testigantzak jaso ditu, pribatu itunduak biak. Tartean beste zenbait ere izan dira.

Adibide hauek beraien errealitate propioa islatzen dute soilik, benetako aniztasuna bizi duten ikastetxeen errealitatea alboratuz. Ez da STEILASen asmoa kazetariek beraien lana nola egin behar duten esatea, inondik inora. Baina agerikoa da jokabide horien atzean dagoen egitasmo politiko garbia: Hezkuntza sistema pribatua goraipatzea.

Ikastetxe publikoetako langileen eraginkortasuna eta konpromisoa garbia izaten ari da egoera jasangaitz honetan. Mila zailtasuni ari dira aurre egiten, bereziki egoera konplikatuenean dauden familiei arreta ematen dieten ikastetxeetako langile horiek. Adibide hauek askoz esanguratsuagoak dira hezkuntzan bizi den egoera adierazteko.

Osasungintza publikoaren lana goraipatzen ari den honetan, arduragabekeria itzela da ikastetxe pribatuen aldeko hautua egitea komunikabide publiko batetik.