Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi

Sarrera

“Ahal duguna eta gehiago ematen ari gara”

COVID19ak hezkuntzan sortutako egoerak guztion egunerokoa berrantolatzera eraman gaitu. Berrantolaketak gure hezkuntza sistemaren josturak kolokan ipini ditu: ikasle asko galdu dira bidean, gure lan zama ikaragarri igo da, ziurgabetasun handia dugu egiten ari garenarekin eta zalantzaz beteta dugu etorkizuna hezkuntzako langileok.

STEILASen gogoeta plazaratu eta ondorio garbi bat atera genuen: egoera zein den ahalik eta modu zehatzenean antzemateko datuak ezinbestekoak zirela. Horretarako inkesta bat prestatu eta telelanean zenbiltzaten langileei bidali genizuen. Erantzuna ikaragarria izan da, eta horrek sinesgarritasun handia eman dio gure lanari. Hego Euskal Herrian 1.500 langile inguruk erantzun duzue.

Ondorio asko atera ditzakegu, zonaldeka banatuz, etapak ezberdinduz, espezialitateak bereiziz… baina badira bi ondorio ukaezin: lan zama asko igo dela eta zailtasunak zailtasun, egoera berrira ondo egokitu zaretela.

Hezkuntzako langileon konpromisoa behar den moduan aitortu beharra dago. Gure ikasleen hezkuntza eskubidea bermatzeko ikaragarrizko ahalegina egiten ari zarete, eta horrek, esker ona merezi du. Inkestan “Ahal duguna eta gehiago ematen ari gara” bezalako erantzunak irakurtzeak hunkitzen gaitu.

Sindikatuak egoera berriak sortutako beharrak asetzeko eskaerak mahaigaineratu dizkio Hezkuntza Sailari, argibideak eskatu dizkiogu eta proposamenak egin ditugu. Aldi berean duela hilabetera arte mahai gainean genituen aldarrikapenei tinko eutsiko diegu; koronabirusa joango da, baina ratioen jaitsiera, 60 urtetik gorako langileen erretiroa edo eros ahalmenaren berreskuratzeak gure lan agendan jarraituko dute.

Sindikatutik gure eskerrik beroena luzatu nahi dizuegu zuen etxean, askotan baldintza zailetan, lanean ari zareten hezkuntza komunitateko langile guztiei.

ARGIA ko webguneko albistea

Nola ari dira moldatzen irakasleak egoera berrian?

Egun batetik bestera lan moldea aldatu eta material berria sortu beharra, ikasle eta familiekiko komunikazio pertsonalizatua bermatzeko zailtasunak, administrazioarentzat egin beharreko burokrazia-lana… Lanordu gehiago eta lan karga handiagoa ekarri die pandemiak irakasleei, hala ondorioztatu du Hego Euskal Herriko hezitzaileen artean egindako ikerketak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2020ko apirilaren 07a

1.500 irakaslek hartu du parte STEILAS sindikatuak bidali dien galdeketan. Haur Hezkuntzatik hasi eta Lanbide Heziketa eta unibertsitaterainoko irakasleek erantzun dituzte galderak, bereziki Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ari direnek.

Egun osoa konektatuta

Orokorrean, langileen bi herenek lanordu gehiago sartu behar izan dituzte egoera berrian, bereziki DBHn eta Batxilergoan. Egun batetik bestera telelanera egokitu beharra –aurretik formakuntzarik izan gabe–, materialak moldatzea eta ikasleen formakuntza falta –eta horrek sortzen dituen buruhausteak– dira, besteak beste, horren arrazoiak. Egun osoa konektatuta egotea gogorra da askorentzat: “Irakasle batzuek esan digute ez dakitela noiz hasi eta noiz bukatzen den beraien lana”, azaldu digu Juan Zubia ikerketaren arduradunetako batek.

Irakasle gehienak arloka ari dira elkarlanean koordinatzen, etengabe material berria asmatzen, dela bideoak Youtubera igoaz edo sormena astinduz. “Azken finean, etxerako lanak bidali ditzakezu, baina gorputzaren bidez ere erakusten da: begiradak, keinuak, hitza… Hori guztia ezin da galdu eta horregatik dira garrantzitsuak bideoak, bideo-konferentziak eta halakoak”, dio Zubiak.

“Irakasle batzuek esan digute ez dakitela noiz hasi eta noiz bukatzen den beraien lana”

Ikasleen arteko arrakalari ere aurre egin behar

Ikasleen arteko arrakala areagotzen ari da konfinamenduan eta hori da kezka nagusietakoa. Ikasle batzuk, zuzenean, desagertuta daudela onartu digu Zubiak. Hiru ikasgela mota daudela zehazten du ikerketak: batetik, bazterketa egoeran dagoen ikaslerik ez duten ikasgelak; bestetik, egoera horretan dauden hiruzpalau ikasle dituztenak; eta azkenik, ikasleen %50a baino gehiago bazterketa arriskuan dituzten gelak. Alegia, bazterketa gela/ikastetxe jakinetan kontzentratzen dela. Adinean aurrera egin ahala, gizarte bazterketa arriskuan dauden ikasleengan eragin handiagoa du konfinamenduak: %25arengan eragin du Haur Hezkuntzan, %42arengan Lehen Hezkuntzan, %49arengan Bigarren Hezkuntzan.

Horiekin komunikatzeko, gehiago jotzen da telefonora Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta bideo-konferentziara hortik gorako mailetan. Zailtasunak dituztenei ikastetxeko baliabide teknologikoak utzi dizkiete hainbat kasutan, lanak paperean eman dizkiete beste batzuetan… “Ahal dugun guztia ematen diegu”, dio irakasle ugarik.

“Nahikoa lan dute dagoeneko irakasleek, eta administrazioak gauzak erraztu beharrean, hezitzaileak gestio lanak egiten jarri ditu, euren jarduna kontrolatzeko”

Kontrol handiegia administraziotik

Lan-zama estra dute irakasleek: kontu eske ari den administrazioarentzako gestio lana eta burokrazia. “Nahikoa lan dute dagoeneko irakasleek, gainezka daude batzuk, eta administrazioak gauzak erraztu beharrean, hezitzaileak gestio lanak egiten jarri ditu, euren jarduna kontrolatzeko”, kexu da Zubia

Gainerakoan, irakasleen gehiengo handiak adierazi du ez duela zailtasun teknikorik lanerako –gutxiengo batek faltan ditu gailu elektronikoak, konexioa, materiala edota lanerako espazio egoki bat–. Eta ia %74ak ere ez du arazo pertsonalik etxetik aritzeko, baina batzuentzat zaila izaten ari da, seme-alaben eta adinekoen zaintza, isiltasun falta edota bakardadea tarteko.

“Gurasoak gertutik ari dira ikusten zenbateko lana den ume eta gazteekin egin beharrekoa. Ziur naiz bat baino gehiago konturatuko dela irakasleek egiten duten lan handiaz”

Lanaren aitortza

Haur eta gazteen heziketak aurrera segi dezan irakasleak egiten ari diren ahalegina kontuan hartuta, ea esfortzu hori baloratuta sentitzen al duten galdetu diogu Juan Zubiari. Baikorra da bera: “Gurasoak gertutik ari dira ikusten zenbateko lana den ume eta gazteekin egin beharrekoa, zenbat material sortzen den haientzat, gero hori guztia zuzendu egin behar dutela irakasleek, gainean egon… Ziur naiz bat baino gehiago konturatuko dela irakasleek egiten duten lan handiaz, eta aitortuko dietela”.