ETA HEZIKETA BEREZIKO HEZITZAILEAK?
Atzo arratsaldean Langileak Kudeatzeko Zuzendaria den Jon Agirre Huergaren zirkular bat atera zuen Hezkuntza Sailak. Bertan, ikastetxeetako ordezkapenak betetzeko asmoak jasotzen zituen eta beste behin ere, heziketa bereziko hezitzaileekin ahaztu ziren.
Zirkularrean, irakaskuntza jarduera egiten ari diren irakasleentzat Ordezkagunea martxan jarriko dela esaten du. Baina irakaskuntza jarduera irakasleek bakarrik egiten al dute bada? Hezitzaileok, orduan, zertan ari gara? Agerian utzi du, beste behin ere, Hezkuntzarentzat hezitzaileak eta behar bereziak dituzten ikasleak bigarren plano batean geratzen garela eta STEILASetik gogor salatzen dugu kolektibo hauenganako Hezkuntza Sailaren utzikeria.

Azken egun hauetan, Administrazioari maiz azaldu diogu gure haserrea hezitzaileon ordezkapenak betetzen ari ez direlako edota batzuk betetzen ari badira ere, ez dakigulako zein irizpideren arabera ari diren ordezkapen hauek kudeatzen. Izan ere, azken asteetan ordezkapenen inguruan Delegaritzetan eta Lakuan galdetzen ibili gara, eta erantzun digutenean (guztietan ez baita erantzunik egon) irizpide ezberdinak azaldu dizkigute. Egoera berri honen aurrean, lehenengo egunetako inprobisazioa modu batean edo bestean ulertzea bazegoen ere, jada, 6-7 aste pasa ondoren, erabaki eta irizpide irmoak eta sektore guztiak barnebilduko dituenak falta dira.

Apirilaren 21eko zirkularrak dioen moduan, telelanaren modalitatearen bitartez ikasleekin lan akademikoari eutsi ahal izateko irakasleen ordezkapenak betetzen hasiko dira, baina irakasleez gain, hezitzaileak, hezitzaileen lana eta behar bereziak dituzten ikasleak kontuan hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu.

Beraz, STEILASetik gogor salatzen dugu pandemia garaian Hezkuntza Sailak egindako kudeaketarekin, zoritxarrez, argi geratu dela, aniztasun funtzionala pairatzen duten ikasleak, bigarren mailakoak direla Administrazioarentzat. Eta era berean, hezitzaileekiko izan duten trataera eta gardentasun falta izugarria ere salatu nahi dugu. Bada garaia Hezkuntzak aurpegia eman, hezitzaileen ordezkapenak nola kudeatuko dituen azaltzeko eta ordezkapen guztiak lehen egunetik betetzeko. Ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatzea eta horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak eskaintzea Hezkuntza Sailaren betebeharrak baitira. Eta nola ez, horretarako, heziketa bereziko hezitzaileen lanaren aitortza nahitaezkoa da.

Gasteiz, 2020ko apirilaren 22a