Gaur, maiatzaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lurralde eta Sektore arteko Segurtasun eta Osasun Batzordearen bilera izan dugu eta Heziketa Bereziari dagokionez, honakoa adierazi nahi dugu:
Bilera, Hezkuntza osoa osatzen dugun sektore guztiei zuzenduta egon behar balu ere, Hezkuntza Saileko arduradunek ez diote Heziketa Bereziari aipamenik egin. Gainera, maiatzaren 18an aurreikusitako irekieraren inguruan galdetzean, sailburuordeak Heziketa Bereziko arduradunik ez zegoenez, galdera hori erantzun gabe geratuko dela esanez amaitu du bilera.
STEILASek gogor salatzen du, Hezkuntza Sailak Heziketa Bereziarekin duen axolagabekeria eta utzikeria. Izan ere, beste ikastetxeen irekieraren inguruan aritu direnean (D.B.H.4ko, Batxilergoko edota Lanbide Heziketako), justifikazio pedagogikoa erabiltzen zuten, eta ikastetxe hauek zabaltzeko ez omen dago justifikaziorik.
Berriz ere, Heziketa Bereziko ikastetxeak eta gela terapeutikoak ez irekitzeko eskaera egiten diogu Hezkuntza Sailari. Agerian dago, ikastetxe hauetako ezaugarri propioak kontuan izanik, ezinezkoa dela ikasleen osasuna bermatzea, eta ondorioz ezta langileena ere; gaur egun Hezkuntza Sailak eskaintzen dituen baliabideak kontuan izanda, ez baitira nahikoa kolektibo honen ongizatea bermatzeko.